EH Bildutik jakinarazi nahi dizuegu, 2024ko ekainean, gobernu taldeari eskatu geniola – lehenik osoko mozioaren bidez eta ondoren Merkataritzako Mahaiaren bitartez– merkataritzarako tokiko plan estrategiko partekatu bat sortzea, neurri erreal eta koordinatuekin, Barakaldoko sare komertzialaren egoera kezkagarriaren aurrean.
Plan hori abian jarri arte, gure taldeak bi proposamen zehatz helaraziko dizkio bihar Merkataritza Mahaiari, beharrezkotzat eta premiazkotzat jotzen ditugunak, udal mailan aktibatu ahal izateko eta merkataritza eta ostalaritza sektorearen beharrei erantzun arina eman ahal izateko:
1. Merkatari eta ostalarientzako TAO tarifa espezifikoa aktibatzea.
Eguneko tarifa bat aktibatzea proposatzen dugu, lanaldi osoan TAO gunean aparkatzeko, tiketa etengabe berritu behar izan gabe eta gehiegizko kosturik hartu gabe. Neurri hori beste udalerri batzuetan ere aplikatzen da, eta aringarri txiki baina garrantzitsua izan daiteke gure tokiko merkataritzari eusten diotenen egunerokotasunerako.
2. Zamalanetarako guneei buruzko azterketa teknikoa.
Azterketa bat egiteko eskatuko dugu, udalerrian zamalanetarako eremuen egungo banaketa berrikusteko. Helburua da espazio horiek handitzeko, birkokatzeko edo berrantolatzeko aukera ebaluatzea, askotan ez baitiete erantzuten negozioen benetako behar logistikoei.