Itxaso Salas González eta Liher Imaz Goienetxeak, EH Bilduko zinegotziak Barakaldon, joan den osteguneko Osoko Bilkuran EH Bilduk egindako euskararen aldeko ekimenaren balorazioa egin dute.
Hitzartze osoa
“Euskaraldia pasa berri den honetan, Barakaldoko EH Bilduk hainbat adierazpen egin nahi ditu. Izan ere, azken aste eta hilabeteetan euskaraldiarekin zipriztindu izan dugu Barakaldo, eta nola ez, ezin gara harroago egon eta, berriz ere, eskerrak eman nahi dizkiegu lanean egon diren herri mugimenduko norbanako eta kolektibo boluntario guztiei.
Hala eta guztiz ere, eta testuingurua baliatuta, EH Bildun uste genuen bazeudela aukerak bestelako aurrerapausoak emateko. Eta zentzu horretan, adierazpenetatik harago, ekintzetara pasatzeko ordua zela sinetsita geunden. Horregatik, joan den astean ekimen bat proposatu genion Barakaldoko Osoko Bilkurari: Barakaldoko Udalak izapideak has zitzan Eusko Jaurlaritzako Bikain Ziurtagiria jasotzeko.
Bikain ziurtagiria Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa da. Honen bitartez, administrazioan euskararen kalitatea bikaintasunez bermatzen dela egiaztatzen da. Hots, administrazioak, nolabait, euskararen erabilera duina eta osasuntsua egiten duela bermatzeko irizpide-sorta eskaintzen duen programa da.
Beraz, azkenaldian euskararen kontra nagusitzen ari den oldarraldiaren aurrean eta herri moduan ditugun erronkez jakitun, Gobernu Ekipoari ziurtagiri hau eska zezala proposatu genion.
Barakaldoko Udaleko indar politiko guztiek, ezkerretik eskumara, aldeko jarrera adierazi zuten, EAJ kenduta, gure sorpresarako. PNVk argudiatzen zuen Barakaldok dagoeneko plan ugari dituela, eta beraz, horiek betetzearekin nahikoa zela.
Ez dugu zalantzarik Barakaldok plan propioak behar dituela, are gehiago, hauen sorkuntza-prozesuetan aktiboki parte hartu izan dugu. Baina, horrek ez du esan nahi gehiago egin ezin denik. Eta bestelako ekimenak ez onartzea Barakaldok duen potentzialitatea eta dauden aukerak mugatzea da.
Are gehiago, PNVk Barakaldoko AROA Euskara Planari egin zion erreferentzia, AROA izanik Eusko Jaurlaritzak hizkuntza politiketarako duen marko estrategikoa. Herriko planean bertan EAEko gainerako administrazioekin elkarlana eta koordinazioa egotea jasotzen da. Beraz, ezin dugu ulertu programa hau martxan jartzeko kontrakotasuna guztiz bat datorrenean bai tokiko, bai erkidegoko planekin.
Bestetik, PNVko Euskara Zinegotziak egindako adierazpenen artean, ziurtagiri hau eskatzeko kontrakotasuna justifikatu zuen Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Udalerriek hau lortzeko ezintasunarekin. Hau da, ziurtagiria eskuratzeko zailtasunak traba gisa identifikatu zituen. Hau gezurra izateaz aparte, 2020an dagoeneko Ortuellako Udalak Bikain Ziurtagiriaren oinarrizko maila lortu baitzuen; ziurtagiriak izan ditzakeen zailtasunak oztopo baino, aukera bat izan daitekeela adierazi nahi dugu. Hau da, gure hutsuneak eta gabeziak identifikatzeko eta aterabideak bilatzeko aukera bat.
Honekin guztiarekin ateratzen ditugun ondorio nagusiak bi dira:
Batetik, PNVk kontrako jarrera adieraztea etxeko lanak bete ez izanaren seinalea izan daiteke. Hots, Bikain ziurtagiriak bistan utz ditzake Barakaldok hobetzeko dituen hainbat alor, eta horrek euskararekiko duten azaleko konpromisoa agerian utziko luke. Hala ere, eta lehen esan moduan, zailtasunak aukera moduan ikusi baino, arriskutzat hartzen dituzte. Eta PSE, PP, Podemos eta EH Bilduren babesa duen ekimen baten aurrean, haiek dira kontrakotasuna adierazi duten bakarrak.
Bestetik, Barakaldon PNVren bulegotik ateratzen ez den edozein proposamen baztertua izateko arrisku bizia du. Gaur egun, jardun politikoak eskatzen duenean kolaborazioa eta ezberdinen arteko lankidetza, Barakaldoko PNV inoiz baino jarrera alderdikoiagoa ari da izaten. Eta hau, gure hizkuntzak aurrera egin dezan benetan arriskutsua iruditzen zaigu.
EH Bilduk euskararekin eta hizkuntza politikekin lotuta egon diren barne zein kanpo ekimen guztietan jarrera proaktiboa izan du: euskaraldiko eta korrika batzordeetan, plan estrategikoen sortze-prozesuetan, udal langileen hizkuntza-profilen eremuan, teknikoekin harremanean… Gure partetik jarraituko dugu Euskararen aldeko politika errealak eta eraginkorrak proposatzen, Barakaldon euskaraz ikasi, lan eta bizi gaitezen arte.”
Liher Imaz Goienetxea eta Itxaso Salas González