AKTUALITATEA


| 2023-01-04 16:58:00

Liher Imaz, EH Bilduko zinegotziak, eskaera bat bideratu die Alkatetzari, Barakaldoko Udalak adierazpen instituzional bat onartu dezan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak CCOO sindikatuaren helegitea onartzeak dakarren euskararen aurkako eraso berria salatzeko. Era berean, idazkiak eskatzen du Udalak epai horren aurkako helegitea aurkez dezala. Alderdi soberanistatik adierazi dute beren zerbitzu juridikoak dokumentazio guztia aztertzen ari direla, errekurtsorako legezko oinarria dagoen ala ez ziurtatzeko.

Barakaldoko Udalak hartutako erabaki baten aurrean, herritarren hizkuntza-eskubideen urraketa berri hori  irmoki salatu du EH Bilduk, eta balizko adierazpen instituzional horretan, udal-autonomian egindako esku-hartze judizial berri hori salatzeko eskatzen du.

Bestalde, CCOO sindikatuaren helegiteari esker, botere judiziala demokraziaren gainetik kokatu nahi da beste behin, honen emaitzak gustatzen ez zaizkionean.

Bukatzeko, lehenik eta behin, euskararen aurkako eraso larria salatu behar den arren, ezin dugu ahaztu EAJren eta PSEren Barakaldoko gobernuek zerbitzu publikoak pribatizatzeko egin duten politikaren beste ondorio bat dela gertatutakoa. Era berean, EH Bilduk azpimarratu nahi du inoiz baino beharrezkoagoa dela euskara arautzeko Udal Ordenantza bat martxan jartzea, udalerriko euskaldunen eskubide guztiak errespetatzen direla bermatzeko.