Kontuak onartu ahal izateko beharrezkoa den gehiengo politikoa izan arren, haien kudeaketa txarrak herritarrek ordaintzen duten ezegonkortasun-egoera batera kondenatzen du udal politika.
Gaur goizean, Ezkerraldeko lau Udaletako zinegotziak agerraldia egin dute Sestaon, aurrekontuen eguneraketa eta onarpen faltaren aurrean EH Bilduk egiten duen irakurketa publikoki azaltzeko. Oihane Henalesek, Sestaoko zinegotziak, eta Maria Solarrek, indar subiranista eta ezkertiarraren Barakaldoko bozeramaileak, hausnarketa aurkeztu dute, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren. Haiekin batera, Joxi Martin, Santurtziko zinegotzia, eta Portugaleteko Eneritz Mancisidor ere agertu dira. Jarraian jasotzen da egindako hausnarketaren eduki osoa.
Gaur egun, Ezkerraldeko lau udalak EAJk eta PSEk kudeatzen dituzte. Jeltzaleen eta sozialisten egonkortasun-itunak ez du ez ziurtasunik ezta soluziorik ere herritarrentzat. Kontrara, Ezkerraldean egonkortasun alderdikoia eta ezegonkortasun instituzionala lortzeko aliantza ari da izaten. Aurtengo lehen hiruhilekoa bete ondoren, ez Santurtzik, ez Portugaletek, ez Sestaok, ez Barakaldok ez dute aurrekonturik onartuta eta, ondorioz, aurreko urteko kontu publikoak luzatu behar izan dira. EAJ eta PSE aurreikuspen eta ezintasun falta erakusten ari dira Ezkerraldeko lau udalerrietan, eta herritarrek pairatzen dituzte kudeaketa txar horren ondorioak.
Kontuan hartu behar da luzatutako aurrekontuek hainbat ondorio dituztela:
Laburbilduz, aurreko urteko aurrekontua luzatzeak udalak funtzionatzen jarraitzea ahalbidetzen du, baina behar edo egoera berrietara egokitzeko gaitasunean murrizketak eta mugak jarrita.
Aurrekontu zaharren luzapenak Sestaon beharrezkoak ziren obrei aurre egiteko ezintasuna ekarri du, hala nola kiroldegietan eta Haurreskolen instalazioetan. Santurtzin, aurrekontu-prozeduraren atzerapenak diru-laguntzen deialdi publikoak atzeratzea ekarri du (horrek kirol- eta kultura-eragileentzat buruhausteak suposatuz, besteak beste). Portugaleten egoera horrek udalerrian beharrezkoak diren azpiegituretan inbertsioak egitea eragotzi du. Barakaldon, berriz, Etxeko Laguntza Zerbitzuan ezin da alta eta laguntza-eskaera gehiago izapidetu.