2025ean Barakaldok aurrekontu berririk onartuko ez duela jakin ondoren; Maria Solar, Barakaldoko EH Bildu Udal Taldeko bozeramailea, Koldo Plazas eta Belit Solar zinegotziekin batera, jendaurrean agertu dira gaur balorazio politikoa egiteko. Zinegotzi soberanista eta ezkertiarrarentzat, gertaera hau larria da, politikoki arduragabea, eta EAJ eta PSEren gaitasun eza eta inprobisazioa erakusten du.
Solarrek adierazi duenez, “atzo osoko bilkuran, EAJ-PSEk publikoki onartu zuten Barakaldok ez duela aurrekontu berririk izango 2025erako. Albiste horrek, 9 hilabete berandu iristeaz gain, ezeztatu egiten du alkateak berak maiatzean iragarri zuena, aurrekontu-proiektuaren berri eman zuenean”.
“Legegintzaldi hau EAJren eta PSEren arteko itun baten iragarpenarekin hasi zen, udal politikaren egonkortasuna bermatuko zuela agintzen zuena. Baina, nahiz eta gehiengo absolutua eduki, nahierara egiteko eta desegiteko, eta behar diren baliabideak izanda ere, irailean topatu gara albiste honekin. Gobernu talde honen inprobisazioaren eta ezintasunaren adibide garbia, alegia”.
Maria Solarrek gogorarazi duenez, “46 milioi euroko gerakinarekin hasi genuen urtea. Aurrezki hori bizi dugun inflazio-egoerari aurre egiteko erabil zitekeen, gizarte-baliabideak bermatzeko eta indartzeko edota erabaki ausartak eta estrategikoak hartzeko. Baina ez, aurrezki hori hilero gastatzen joan da kontu arruntetan, hala nola ur horniduraren ordainketa, urteko dirulaguntzak edo udalaren kuoten ordainketa, EAJ eta PSE ez direlako gai izan udal batek duen proiekturik oinarrizkoena antolatzeko: udal aurrekontua”.
“Eta, dirudienez, honetarako guztirako EAJk eta PSEk ez dute denborarik izan. Ez dute denborarik izan herritarren eskaerei erantzuteko. Ez dute denborarik izan udal politikari egonkortasuna emango dioten kontu publikoak aurkezteko”.
Zinegotzi soberanista eta ezkertiarrak adierazi duenez, “Urteak dira EAJk eta PSEk beren herriarentzat politika egiteari uko egin diotela, eta beren barne itunak betetzean zentratu dira, udal jarduera hirigintza proiektuak aurkeztera murriztuz, jarduerak salduz eta obra berrien aurrean argazkiak egitera mugatuz. Hots, zerikusirik ez herritarrek beren agintariengandik espero dutenarekin, eragiten dieten beharrei erantzuten ez dietelako, etxebizitza, zerbitzu publikoak, osasuna, garbiketa... ”.
“Aurrekontuak oso garrantzitsuak dira. Izan ere, kontu publikoen bidez, adibidez, gizarte baliabideak finantzatzen baitira, eta horietako asko motz geratu dira aurten. Edo, bizitoki larrialdiari aurre egin ahal izango litzaioke, adibidez, etxebizitza publikoen aurrekontuko partida bat inbertituz, gazteei eskaintza irisgarria bermatzeko. Edota, aurrekontuaren bidez, kultura- eta kirol-jarduerak finantzatzen dira, eta udalerriko elkarte eta klubentzako laguntza ekonomikoak bermatzen dira ”.
Amaitzeko, María Solarrek adierazi duenez, “arduragabea izateaz gain, Barakaldo bezalako udalerri batean kontu eguneratuak aurkeztuko ez direlako iragarpena benetan oso larria dela iruditzen zaigu, gaur egun dauden beharrekin eta Gobernu Ekipoak dituen baliabide guztiekin. Izan ere, hauen bitartez, aurrekontuak bezalako proiektuak direla medio, erabakitzen eta definitzen dira Barakaldo eraikitzeko oinarriak. Gure bizilagunei eragiten dieten politika publikoak definitzen dira. Uste dugu Amaia del Campok azalpen bat zor diela herritarrei ”.