AKTUALITATEA


| 2025-09-25 16:46:00
  • Iratxe Focesek, Ogasun zinegotziak, Barakaldok ez duela aurrekonturik izango 2025ean aitortu du.

Gaur Barakaldon egin den iraileko ohiko Osoko Bilkuran, Iratxe Foces (EAJ) Ogasun zinegotziak baieztatu du Barakaldok  aurten ez duela kontu publiko eguneraturik izango. Tramitatu diren kreditu gehigarriak onartu bitartean, Maria Solar zinegotzi subiranista eta ezkertiarra bereziki kritikoa izan da diru publikoaren kudeaketarekin, eta Gobernu Taldeari herritarren aurrean argia izan dadila eskatu du.

MARIA SOLARREN HITZARTZE OSOA

“Aurrekontu arruntik ez dagoenez…”. Horrela hasten dira gaur osoko bilkurara ekarri diren udal arloek egindako kreditu-eskaera asko. Kreditu horiek ez dituzte proiektu berriak finantzatzen, baizik eta oinarrizko gastuak, hala nola ur-hornidura, kirol diru-laguntzak edo udalaren ohiko zenbait kuota; ordaindu ezin direnak aurrekonturik ez dagoelako.

Hori ohikoa baino ohikoagoa bihurtu da 2025ean, gaur onartuko direnekin 59 kreditu gehigarri gehitzen baititugu gerakinaren kontura.

Baina bitxiena da... eta kontraesankorra ere badena, Gobernu Taldea gai dela aldebakartasunez onartutako aginte-plana aurrera eramateko 21,5 milioi euroko mailegu bat eskatzeko, baina aldi berean ez du gaitasunik izan udal-aurrekontu bat egikaritzeko.

Barakaldo zorpetzeko denbora, legezko formulak eta borondate politikoa egon badago. Udalerriari urteko aurrekontu bat emateko aukerak, badirudi ezetz.

Eta horrek ondorioak ditu; elkarte-, kirol- edo kultura-mugimenduarekin baino ez da hitz egin behar hori egiaztatzeko: udal hau ez da gai dagozkien baliabideak garaiz hornitzeko. Adibide gisa, gaur, irailean, urtarriletik zain dagoen kirol talde bati diru-laguntza bat emateko tramitea hasiko da. Gauza bera gertatzen da jai batzordeekin, hirugarren sektoreko erakundeekin eta beste hainbatekin.

Beste behin ere, Udal honen gobernu formularen porrota agerian geratzen da: ustez herritarrei egonkortasuna eta kaudimena emateko batu ziren bi sigla, baina udal batentzat oinarrizko kudeaketa dena adosteko gai izan ez direnak.

Urtarrilean eskuragarri zeuden 46 milioi euroko soberakinetatik, gaur, irailaren amaieran, 7,9 milioi baino ez dira geratzen, urteko hainbat hilabete oraindik aurretik ditugularik. Hau da, Udalaren kontuak marjina gutxirekin ari dira geratzen, eta urte amaieran sor daitezkeen beharrei ondo erantzun ahal izatea arriskuan jartzen ari dira.

Joan den astean egindako azken Ogasun Batzordean, oposizioak 2025erako aurrekontuaren tramitazioa zein unetan zegoen jakiteko interesa agertu zuen. Ogasun zinegotziak erantzun zuen 2026ko kontu publikoak garaiz eta behar bezala onartzeko lanean ari zirela. Gure ustez, horrek esan nahi du Gobernu Taldeak uko egin diola aurtengo aurrekontua onartzeari. Alegia, pentsatzen dugu Barakaldok ez duela aurtengo aurrekonturik izango.

Gardentasun ariketa bati jarraiki, herritarrei argi hitz egiteko helburuarekin, komenigarria litzateke Ogasuneko zinegotziak gaur argitzea Barakaldok 2025eko aurrekonturik izango duen edo ez. Eskerrik asko. ”