AKTUALITATEA


| 2023-03-26 19:58:00

Barakaldoko EH Bilduk maiatzeko udal hauteskundeetarako zerrenda aurkeztu du gaur Barakaldon egindako ekitaldi politiko batean. Eredu zaharkituaren eta politika egiteko modu zaharren jarraitutasunaren aurrean alternativa gisa aurkeztu du bere zerrenda alderdi subiranistak. Maria Solar alkategaiak gaineratu duenez, Barakaldoko Udalerako hauteskunde-zerrenda osatzen duten pertsonek EH Bilduren DNA mugimendu politiko gisa islatzen dute: pertsona konprometitu eta solidarioen taldea, eta zerrenda oso gaztea, nahiz eta aldi berean eskarmentu handikoak izan bertako kideak.

Maria Solarrekin batera, Koldo Plazas irakaslea; Itxaso Salas politologo eta euskara irakaslea; Liher Imaz biologia doktore eta epidemiologia zaintzako teknikaria; Belit Solar kirol teknikari eta irakaslea; eta Maialen Cuevas, gaur egun hizkuntza zerbitzuak ematen dituen kooperatiba batean lanean ari dena; dira EH Bilduren udal zerrendako lehenengo sei hautagaiak hurrenez hurren. Barakaldoko gizarteko eta auzoetako hainbat sektore ordezkatzen dituzten pertsonek osatzen dituzte zerrendako gainerako postuak. Hilaren 2tik 4ra bitarte berrestu zuen zerrenda hau EH Bilduren oinarriak.

Giza eskalako iraultza

Maria Solarren hitzetan EH Bilduren hauteskunde zerrendan “bere herria hobetzeko asmoz konpromiso militanteak politika egitera bultzatutako pertsonak” topatuko ditugu. Solarren ustez, “politikari profesionalez beteta dauden beste aukera batzuetan ez bezala”, ezker subiranistako pertsonentzat hauteskunde-zerrenda batean egotea ez da helburu bat, baizik eta erakundeek kaleetan sentitzen denaren antz handiagoa izateko eta jendearen bizitza hobetzeko tresna bat.

Zentzu horretan, Maria Solarrek uste du Barakaldoko udal politika desmerkantilizatu behar dela, pertsonak erdigunean izango dituen tokiko politikara itzultzeko. Hala, Solarrek adierazi du EH Bilduren proiektuak etorkizun eta egiteko modu desberdinak islatzen dituela, eta pertsonak protagonista dituen proiektu kolektibo gisa, hiriko erronkei aurre egiteko “giza eskalako iraultza” behar dela. Alkategai subiranistak aurrez aurre jarri du aldarrikatu duen giza eskalako iraultza hori eta Amaia del Campok etengabe errepikatzen duen “bigarren eraldaketa sozial eta urbanoaren” kontzeptua. Solarren ustez, Del Camporen mantra honek huts egin du; izan ere, alderdi sozialean, lan-prekarietatearen indize altuek, zerbitzu publikoen okertzeak eta handitzen ari diren gizarte-premiek ez dute adierazten inolako eraldaketarik dagoenik. Era berean, hirigintzari dagokionez, Solarrek kritikatu du lehen eta bigarren mailako auzoen arteko aldea gero eta handiagoa dela, eta, aldi berean, etxebizitza-politikak eskaintza pribatuan oinarritzen jarraitzen duela eta irisgarritasun-planen eza ageria dela.

Bukatzeko, zerrendakideak aurkeztu, eta bere herria hobetzeko agertu duten konpromiso militantea eskertu ondoren, alkategaiak aurreratu du EH Bildu bere hauteskunde programa ixten ari dela Barakaldok hiri eta gizarte gisa dituen erronkei aurre egiteko asmoz. Solarren arabera, udal gobernuak ez du zaintzak, berdintasuna edo erronka ekosoziala bezalako erronkei aurre egiteko gaitasunik izan, eta “irtenbide berriak behar dituzten arazoak iraganeko metodoekin kudeatu baitituzte”.