AKTUALITATEA


| 2025-05-29 16:09:00

» Maria Solarrek salatu du EAJk eta PSEk ezohiko neurrietara jotzen dutela aurreikusitako ordainketa arruntak egiteko, aurrekontua garaiz eta behar bezala onartzeko gai ez direlako izan.

» EAJk eta PSEk kontu publikoak planifikaziorik, aurreikuspenik eta erantzukizunik gabe kudeatzen dituztela adierazi du EH Bilduko bozeramaileak.

» Gogora ekarri du benetako berehalako eta salbuespenezko beharrizanetara bidera daitezkeen baliabideak erabiltzen ari garela, hala nola bizitegi-larrialdia edo hazkunde-prozesuan dagoen Barakaldoko etxegabetasun egoera.

Gaur arratsaldean Barakaldoko Udalak egin duen Ohiko Osoko Bilkuran, Maria Solar alderdi subiranista eta ezkertiarraren bozeramaileak agerian utzi du, berriro ere, EAJk eta PSEk aurtengo aurrekontua onartzeko gaitasunik ez dutela eta, tokiko administrazioa kudeaketa kaotikoan murgilduta dagoela. EH Bilduren abstentzioa argudiatuz, kreditu gehigarri ugari aurkeztu baitira onartzeko.

María Solarren hitzaldia Barakaldoko Osoko Bilkuran:

“Hilabeteak daramatzagu salatzen Barakaldok ez duela aurrekontu eguneraturik, eta 2024ko aurreikuspen ekonomikoarekin funtzionatzen dugula 2025ean. Etxeko lanak garaiz eta behar bezala egin ez izanaren ondorioz, Gobernu Taldeak hainbat kreditu gehigarri onartu behar ditu urte hasieratik ordainketa horien zain dauden dozenaka elkarteri ordaintzeko (kulturalak, emakumeenak, adinekoen zentroenak...).

Gaur berriro ere, EAJk eta PSEk ezohiko formuletara jotzen dute ohiko ordainketak egin ahal izateko. Beste behin ere, erakutsi dute ez direla gai ezta beren herriko udal aurrekontua modu ordenatu eta planifikatuan kudeatzeko ere, nahiz eta – askotan adierazi dugun bezala – beharrezko botoak eta dirua izan.

Komeni da gogoratzea duela bi urte ziurtatu zigutela haien aliantzaren bitartez gobernukide izatea zela udalerriari egonkortasuna emateko gakoa. Hala ere, udal aurrekontuak garaiz aurkezteko gai ere ez dira izan. Gehiengoa dute, botoak dituzte, baliabideak dituzte. Baina ez dutena da kudeaketa eredu eraginkor bat.

Ez dugu gobernatzeko modu hau sostengatuko. Gobernua osatzen duten alderdiek hilabete batzuk lehenago aurreikusi behar ziren gastu eta proiektuei adabakiak jartzera mugatzen dira etengabe. Horregatik, bozketa honetan eta hurrengoetan abstenitu egingo gara, ez hainbeste diruaren erabileragatik, baizik eta baliabide publikoak kudeatzeko moduagatik: plangintzarik gabe, aurreikuspenik gabe eta erantzukizunik gabe.

Hainbat gairi buruzko posizionamendua eskatzen zaigu, hala nola 1.200 euroko diru-laguntza Bizikletaren aldeko Hirien Sarerako, eta 4 milioi euroko partida kreditu globalaren eta beste ezusteko batzuen atalerako. Mundu guztiak uler dezan: udal aurrekontu batean, atal hau da ezohiko gastuetarako, larrialdietarako, ustekabeko aldaketetarako... erreserbatzen dena.

Aurreko osoko bilkuran, partida hori 3 milioi eurorekin handitu zen iragarritako proiektuetarako. Eta orain, kontratuen doikuntzak ordaintzeko 4 milioi gehiago gehitu zaizkio. Hau da, Gobernu Taldearentzat ustekabeko bihurtzen da indarrean dituen kontratuak ordaintzea dagozkion urteko igoeren arabera. Benetan Gobernu Taldea ez al da gai bizitzak gora egingo duela aurreikusteko? Langileen kontratuak urtez urte egokitu behar direla?

Barakaldon, ordea, baditugu berehalako eta salbuespenezko inbertsioak behar dituzten eremuak: etxegabetasun-egoeraren hazkunde esponentziala, bizitegi-larrialdiaren adierazpena, trantsizio ekosozialerako proiektuen beharra. Eta, hala ere, arlo hauetan, ez dugu aurrerapauso bat bera ere ematen. Izan ere, berriro diot, berriro inbertitzen dugu ezohiko gastua izan beharko litzatekeena ordainketa arruntetan.

Hona hemen gure agintarien aldetik planifikazio eta kudeaketa faltaren beste adibide bat. Gobernu-taldearen jarduteko modu hori ez da soilik praktika txar bat, erakundeak edukiz eta bizitza demokratikoz husteko modu bat baizik. Gastu partida handiak onartzen direnean, esaterako, 4 milioi euro hauek eztabaidarik gabe, nahita saihesten ari dira kontrol politikoa eta parte-hartze publikoa.

Horrelako kudeaketak eragotzi egiten du oposizioko taldeok eztabaidatzea, alternatibak proposatzea edo diru publikoaren helburuetan eragitea. Alde bakarreko kudeaketa bihurtzen da, eta zentzurik gabe uzten du kogobernantzaren edo gardentasunaren edozein logika”.