Maria Solar eta Koldo Plazas Barakaldoko Udaleko EH Bilduko zinegotziek gaur aurkeztu dituzte alderdi subiranista eta ezkertiarrak Udal Gobernuak aurkeztu berri duen tasa eta prezio publikoen aurreproiektuari egin dizkioten ekarpenak.
Maria Solarrek adierazi duenez, “ordenantza fiskalak eta prezio publikoak, udalerrien diru-bilketarako tresna izateaz gain, tresna politiko garrantzitsu bihur daitezke justizia sozialean eta genero-justizian laguntzeko. Duela gutxi, Udal Gobernuak Barakaldorako aurreproiektua aurkeztu digu, eta esan behar dugu aukera handi bat galtzen dela, aurreproiektuan ez baitira sartu oso garrantzitsuak diren bi alderdi: Emakume eta gizonei tasak zelan eragiten dieten eta beraz, ematen diren desberdintasunak eta arrakalak ez ditu aintzat hartzen, proposamenak ez baitu genero-eraginaren ebaluaziorik. Eta ez du aurrera egiten zerga-sistema bidezkoagoa lortzeko pizgarri gisa hobari-sistema baten aplikazioan.”
Solarrek azaldu duenez, “legeak berak eskatzen die administrazio publiko guztiei, baita udalei ere, edozein planetan genero-eraginari buruzko txosten bat egitea. Prozesu honetan, tarifek, hobariek edo dirulaguntzek emakumeengan eta gizonengan duten eragina ezagutzeko baliagarria izan daiteke. Gobernu Taldeak aurkeztu digun aurreproiektuak ez du indarrean dagoen legeria betetzen, berdintasunaren printzipioa txertatzeko aukera alde batera utzita.”
“Bigarrenik, uste dugu gehikortasun fiskalean aurrera egin beharko litzatekeela hobari eta onura fiskalen bidez. Hau da, beherapenak aplikatzea, baldintza jakin batzuk betetzen badira. Adibidez, mugikortasun jasangarria sustatzeko hobariak aplikatuz. Gure ustez, hobarien helburua ez da soilik herritarren karga fiskala murriztea. Onura fiskalek ere laguntzen dute jarduera jakin batzuk betetzen, eta jardunbide egokiak sustatzen dituzte iraunkortasunaren, irisgarritasunaren, enpleguaren eta abarren arloetan.”
Azkenik, gogorarazi zuen “iaz Barakaldo albiste bihurtu zela; izan ere, oposizioko alderdi guztiak batu ziren aurreproiektuan jazotako parte-hartzerako eskubide falta salatuz, eta agerian utziz Gobernu Ekipoak akordioak erdiesteko izan zuen borondate politiko falta.”
Joan den urriaren 10ean, duela 2 aste hain zuzen, Ogasuneko zinegotzi ordezkariak 2025erako Ordenantza Fiskalen eta Prezio Publikoen aurreproiektua aurkeztu zuen informazio-batzordean. Batzorde horretan, halaber, 7 egun balioduneko epea eman zen proiektu horri proposamenak egiteko. Aurten, idazkari nagusiaren txosten bati erreferentzia eginez, besteak beste, “zuzenketen izapidea komenigarria izan daiteke alderdi politikoen informaziorako eta parte hartze politikorako eskubidearen baitan” eta gainerako ordezkaritza politikoari “7 eguneko epean proiektua aztertzea eta ekarpenak egitea” ahalbidetu zaigu.
Maria Solarrek salatu du “planteatutako prozedura demokratikoa ez dena zuritu nahi izan dutela. Eta argi dago Udal Gobernuak (EAJ PSE) ez duela parte-hartze zintzoa bilatzen proiektua aberasteko. Borondate politikoa balego, parte-hartze esparru zabalagoak eta eraginkorragoak sortzea aukeratuko zatekeen. Hala ere, gure erantzukizun politikotik eta herritarrekiko konpromisotik, aurkeztutako aurreproiektua hobetu nahi duten 11 zuzenketa planteatu ditugu.”
Bestalde, Koldo Plazasek esan du “Gobernu Taldeak aurkeztu duen proiektuan ia tasa eta zerga guztietan % 3,5eko igoera proposatzen duela. Igoera orokor horren aurrean, EH Bilduk 3 ardatz nagusiren inguruko proposamenak erregistratu ditu: gehikortasuna, iraunkortasuna eta herritarren behar eta eskaerak.
Hobarien bidezko gehikortasunari dagokionez, Plazak adierazi du “aurkeztutako aurreproiektuak hobari batzuk ezabatzen dituela, baliabide eta langile faltarekin justifikatuta. Udal arlo batzuek ez dira iristen ematen hobari horiek guztiak kudeatzera. Gure ikuspuntutik, gehikortasun fiskalean aurrera egin behar da. Zerbitzu batzuk denok ordaindu behar ditugu. Baina prezio bakar horretatik harago, familiek beren ahalmen ekonomikoaren arabera ordaintzea proposatzen dugu, hau da, errentaren eta bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsonen kopuruaren arabera.”
“Horregatik -azaldu zuen Koldo Plazasek-, zabor-bilketaren eta estolderiaren tasan jarri dugu arreta. Etxe guztiek ordaintzen duten tarifa. Pertsona kopuruaren eta urteko errentaren araberako hobariak aplikatzea proposatzen dugu. Halaber, zenbait proposamen erregistratu ditugu OHZn, legeak baimentzen duenaren arabera. Errentaren araberako hobariak familia ugarientzat eta DSBE edo EGG jasotzen dutenentzat. Azken horrek arreta berezia jartzen du guraso bakarreko familietan. Aldi berean, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuari buruzko proposamenak erregistratu ditugu. Hartara, Gobernu Taldeak egindako proposamena osatzea (errenta handiagoetan gehikortasun handiagoa aipatzen du). Ados gaude horrekin, baina, gainera, doakotasuna proposatzen dugu 1064 €-tik beherako errentetarako.
Koldo Plazasek zehaztu duenez, “gure proposamenen bigarren ardatza jasangarritasuna da. Zergen bidez mugikortasun iraunkorrerantz urratsak eman daitezke. Zirkulazio Zergari dagokionez, ibilgailu hibridoentzako hobaria ez ezabatzea eta doikuntza batzuk egitea proposatu dugu. Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergan hobari bat ere planteatu dugu Garraio Plan bat garatzen duten enpresa eta negozioentzat, garraio partekatua bezalako ekimenei edo bizikletaren erabilera sustatzeari hobariak emateko, aparkaleku seguruak instalatuz.”
Azkenik, Plazasek adierazi du “azken ardatza herritarrek aspalditik egiten dituzten hainbat behar eta eskaeratan oinarritzen dela. TAO da horietako bat. Ordenantzan gune urdinean aparkatzeko lehenengo 15 minutuak doakoak izatea eta ostalarientzako eta merkatarientzako Txartel Berezi bat ezartzea proposatzen dugu, aurrezpen ekonomikoa ekarriko liekeen urteko tasarekin. Era berean, positibotzat jotzen dugu Barakaldo Kirolakeko Gazte Bonu baten ekimen berria, eta urteko tasa bat ere gehitzea proposatu dugu, dagokion deskontu elektrikoarekin.”