AKTUALITATEA


| 2023-04-27 10:20:00

EH Bilduk eskaera bat egin dio Barakaldoko udal gobernuari, etxebizitza lege berria indarrean jarriko denean, tenkatuta dauden zonaldeak zeintzuk diren aztertzeko, horrela lege honek ekarriko dituen abantailak ahalik eta azkarren aprobetxatzeko.

Duela egun gutxi lortu zuen akordioa EH Bilduk Estatuko gobernuarekin Etxebizitza Lege berrian alokairuak topatzeko, tenkatutako eremuak handitzeko, maizterrak babesteko eta etxegabetzeen aurrean neurriak ezartzeko. Lege berri horri esker, tentsiopean dauden eremuetako alokairuen prezioa murriztu ahal izango da. Horrenbestez, EH Bilduk Barakaldon adierazi duenez, “garrantzitsua da jakitea eta mugatzea zein eremu eta auzo egomgo diren “tenkatuak”, bai Autonomia-Erkidegoak bai Udalak baitira eremu bat tenkatutzat jotzeko eskumena duten erakundeak.

Tenkatutako eremua izateko baldintzak

Legearen proiektuan ezartzen denez, bizitegi-merkatuko zona bat “tenkatuta” dagoela deklaratuko da bi egoera hauetakoren bat gertatzen bada: edo etxebizitzaren batez besteko kostua aurrekontu pertsonalaren edo bizikidetza-unitatearen % 30 baino handiagoa bada; edo etxebizitzaren erosketa edo alokairu prezioa gutxienez Autonomia Erkidegoko kontsumo-prezioen indizea (KPI) baino ehuneko bost puntu gehiago igo bada.

EH Bilduk astelehenean egindako agerraldian gogorarazi zuenez, 2022an 5.000 baino gehiago ziren etxebizitza babestuaren eskatzaileak Barakaldon, Etxebideren datuen arabera, eta alokairuaren batez besteko prezioa 700 eurotik gorakoa da.