AKTUALITATEA


| 2019-09-27 13:07:00

EAJk eta PSEk ofizializatu zuten atzo bere gobernu ituna legegintzaldiko lehen ohiko udalbatzan. Bertan, barakaldarron zoritxarrerako, agerian geratu ziren zeintzuk izango diren itun honen ondorioak. Akordio honek garbi islatzen du zein den jeltzaleek eta sozialistek herri honetarako duten eredua. Akordio hau autonomi mailan dutenaren menpe eta bi alderdien egoitza nazionaleen menpe ere dago. Pasa den astean azaltzen genuen bezala, udal gobernu estruktura baterako inoiz ezagutu dugun gasturik handiena den akordioa…

Azken hau agerian utzi zuten bi alderdiek atzokoan kreditu baten onarpenarekin. Izan ere, luzatutako iazko udal aurrekontuak ezin dio aurre egin udal gobernuaren estrukturapean egongo den pertsonal liberatuak suposatzen duen urteroko gastuari, ia miloi eta berrehun mila eurokoa hain zuzen ere. Eta hau, hamarkada honetako langabezi-tasarik okerrena iragarri den bitartean.

Eta gastu hau onartzen den bitartean, hiritarrontzat, herriarentzat, udaletxea gotorleku bilakatu da. Eta hori azaltzeko oso adibide ona da atzoko udalbatzan gertatutakoa. Bertan agerian geratu zen EAJ eta PSEren udal gobernuak pareta bat izango dela hiritarron, sindikatuen eta edozein herri ekimenaren aurrean. Larrialdi Klimatikorako Aliantzak aurkeztutako mozioaz eta metalgintzako sindikatu guztiek aurkeztutako mozioaz ari gara: EAJk eta PSEk gizarte beharrak eta hiritarren parte hartzea bahitu zuten bi mozio horiek osotasunera zuzentzean, eztabaida ukatuz, eta ordez urardotutako eta Barakaldotik kanpoko bulego batean adostutako testuak aurkeztuz. Bi mozio hauek metalgintzako sindikatu guztiek eta Larrialdi Klimatikorako Aliantza osatzen duten ehundik gorako gizarte eragileek bultzatutakoak ziren. Ez du ematen jarrera hau parte hartzea bultzatzeko biderik egokiena denik.

Era berean, berriro agerian utzi zuten herri mugimenduarentzat harresia suposatzen duela itun honek. Kasu honetan eztabaidarako tartea utzi arren, EAJ eta PSEk osatzen duten udal gobernuari PP batu zen eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak bultzatutako mozioa errefusatu zuten.

Bukatzeko, herri ekimenak oztopatu eta itun honetaz laudarioak entzun beharrean, nahiago izango genuke datozen urteetan martxan jarriko duten proiektuari buruz zerbait entzutea. Gure aldetik, horretaz galdetzen jarraituko dugu, eta udal gobernuaren zeregina fiskalizatzen irmo arituko gara herritarron nahia defendatzen ez dela ulertzen badugu.