AKTUALITATEA


| 2022-05-27 12:54:00

Barakaldoko osoko bilkurak Alderdi Popularraren ekimen bat eztabaidatu zuen atzo, San Juan kalearen zati bat oinezkoentzat jartzeko eskatuz. Euzko Alderdi Jeltzalearen bozeramaileak baztertu egin zuen ekimena, besteak beste, kale hau oinezkoentzako gunea jartzeak hiriko irteerara iristeko kilometro bat baino gehiago egitea suposatuko lukeela argudiatuta.

EH Bilduk, berriz, Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Plana martxan jartzeko beharra azpimarratu zuen. «Jarduketa isolatuetatik haratago, garapen jasangarriari, merkataritza txikiari, ostalaritzari eta abarri dagokienez zein hiri eredua nahi dugun aztertu behar dugu», adierazi zuen Maria Solar bozeramaile subiranistak osoko bilkuran. EH Bildu prest agertu zen plan horretan ekarpenak egiteko eta herritarren parte-hartzea ezinbestekoa izan beharko lukeela plana idazteko azpimarratu zuen. Solarrek gogorarazi zuen plan hori duela urte asko garatuta egon behar zela, eta osoko bilkurako talde guztien aho bateko adostasuna zuela. Hala ere, Amaia del Camporen gobernuak ez du “legealdiko lehentasunetako bat izan behar zukeen zerbait” garatu.

Azkenik, Solarrek adierazi du beharrezkoa dela mugikortasun jasangarri baterantz aurrera egitea, hiria atseginagoa eta irisgarriagoa izan dadin oinez ibiltzeko eta bizikletaz mugitzeko; eta eredu berri horrek kontuan hartu beharko lituzkeela Barakaldok garraio publikoari, ordutegiei, oinezkoentzako guneei eta aparkalekuei dagokienez dituen benetako beharrak.