AKTUALITATEA


| 2022-11-25 13:33:00

Euskara Saileko zinegotzi Iratxe Foces (EAJ) harro agertu da bere taldeak Barakaldo euskalduntzeko eta euskaldunen eskubideak bermatzeko egiten duen guztiaz. Hala ere, eta EH Bilduko zinegotzi Liher Imazek azaldu duen bezala, bere taldeak ez ditu hizkuntza eskakizunak irizpide teknikoetan oinarritzen, eta adibidez, euskaldunek ez dute bermatuta udal administrazioarekin harreman guztietan euskaraz artatua izateko eskubidea. Focesek adierazi du “ez dagoela formula magikorik” Barakaldon hizkuntza-normalizaziorako ekintzak aktibatzeko neurri eraginkorrak zehazteko. Hala ere, ez dio ezer erantzun, adibidez, euskara arautzeko ordenantza sortzeko EH Bilduk egindako eskaera zehatzari.

Barakaldon hizkuntza-normalizaziorako ekintzak aktibatzeko neurri eraginkorrak zehazteko asmoz, biharko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko ekimen bat erregistratu zuen EH Bilduk. Udalerriko euskaldunen eskubideak bermatuko dituen eta Barakaldo euskalduntzeko egiturazko ekarpenak egingo dituen euskararen plan eta araudi bat sortzea eskatzen zuen zehazki alderdi subiranistak sartu zuen eskaria.

Urtean zehar euskararen alde “ezer egiten ez duten batzuk ere Euskaraldiaren olatura igotzea” aurpegiratu die Liher Imaz zinegotzi subiranistak gobernuko arduraduneei. Izan ere, nahiz eta hamabost egun hauetan euskararen aldeko ekimenak sustatu, EH Bilduko zinegotziak gogora ekarri du Barakaldoko euskaldunek ez dituztela bermatuta hizkuntz eskakizunak administrazioarekin edo bere menpe dauden erakundeekin komunikatzerakoan. Era berean, Imazek aldarrikatu du udal erakundeek Belarriprest izatea baino zerbait gehiago egin behar duela “euskarak gure herrian dagokion lekua eta garrantzia hartzea” nahi bada.