Azken hilabeteetan, auzotar eta adituekin elkarlanean, auzoa eta, oro har, Aretxabaleta hobetuko lituzketen proposamen batzuk egin ditugu.
Zirriborro-formako proposamenak dira, eta oraindik jende gehiagoren iritziak eta ekarpenak behar dituzte.
Auzoaren diagnostiko batetik sortzen diren proposamenak 3 ardatzetan antolatuta daude: pertsonak, jarduerak eta lurraldea. Diagnostiko horren arabera, aurrera egin behar da Portasol oraindik bizigarriagoa izan dadin. Hori dela eta, horren lehenengo fase honetan, lurraldean eragiten hasi gara, pertsona eta bere jarduerak oinarri dituen eremutik.
Helburua espazioak sortzea edo daudenak hobetzea da, bizimodu erosoagoa izateko eta harremanak sustatzeko.
Helburu horiekin argi izan dugu oinezkoentzako espazioak irabazi behar genituela (Zaraia - Gorbeia), lehendik zeudenak eskuragarriago egin (Loramendi), konpondu (ibaiaren pasealekua), elkarguneak sortu (Gipuzkoa plaza) eta bizilagunen bizibaldintzak hobetu (zarataren aurkako panelak).
Eta hori guztia, aparkatzeko plazen egungo orekari eutsiz (eremuren batean handituz) eta epe laburrera egin daitezkeen proposamenak direla ziurtatuz (ekonomikoki ere).