IRITZIAK

Lana, edozeren gainetik

Aretxabaletako EH Bildu | 2022-07-15 16:19:00

Hiru urte hauetan, Aretxabaletako EH Bildu osatzen dugun
guztiok (ez bakarrik zinegotziok), gure onena eman dugu
herritarron bizitza ahalik eta gehien hobetzeko.
Legealdi honetan, oposizioan egotea tokatu zaigun arren,
gure proiektuak, ekarpenak edo proposamenak aurrera
ateratzen saiatu gara: eta hainbat alditan lortu dugu.
Udal gobernuak aurrera atera dituen proiektu edo/eta
egitasmo askotan gure aletxoak daude, beste hainbatetan
hobekuntza nabarmenak eta beste bat edo beste, zuzenki,
guk garatutako proiektuak dira.
Gustu handiz ateratzen dugu aurrera gure lana, nahiz eta
gehiengo absolutuan dagoen gobernuaren aurrean lan
egitea beti erraza ez izan. Momentu desatseginak bizi izan
ditugu, eta politikan baztertuta egon beharko liratezkeen
jokamoldeak jaso ditugu batzuetan.
Baina guk argi izan dugu beti, ez dugula etengabeko
kritika merkeen bidea hartuko, guk ez. Batzuek, bide hori
errentagarria ez dela esaten digute: kritika zorrotzak lan
gutxiago suposatzen duela eta etekin gehiago ateratzen
zaiola.
Herritarren artean zabaldu izan ditugun inkestetan,
Aretxabaletako EH Bildutik gehien baloratzen dena proiektu
landuak aurkezten dituela da. Begibistan da. Bide honek
arriskuak eduki arren, gobernatzetik gertuen dagoena dela
uste dugu: herritarren beharretan oinarritzen den bidea da.
Kurtso oso bat geratzen zaio oraindik legealdi honi. Lan
asko dago oraindik egiteko eta guk, edozein saiakeraren
gainetik, gurean jarraituko dugu.
Gure proiektuak, EH Bilduren proiektuak, gero eta antz
gehiago du herritar gehienen nahiekin.
Gero eta gehiago gara!