AKTUALITATEA


| 2023-05-25 09:41:00

Aretxabaleta zaindua izango den herria izatea dugu helburu baina baita zainduko duen herria izatea ere. Hori dela eta, zaintza sare publiko komunitarioa sustatuko dugu bakardade ez hautatuari aurre egiteko.

Zergatik publiko komunitarioa? Publikoa udal baliabide ekonomiko, material eta teknikoekin akonpainatutako prozesua izango delako eta komunitarioa, herritarren eta inplikatutako eragileen protagonismo eta lidergoarekin aurrera eramango delako.

Jakina da egun bakardadearen fenomenoa oso presente dagoela eta Aretxabaltan ere adineko pertsona askoren egoera dela. Ez bakarrik adineko pertsonena, baita zaintzan dabiltzen pertsonena, batez ere emakume migranteena. Horrenbestez, arreta sozio-emozionalean oinarritutako estrategia bat sustatu gura dugu. Pertsonak bere etxebizitzan zahartzeko eskubidea izan behar duela sinesten dugu eta hori ahalbidetzeko etxez etxeko arreta zerbitzua indartzeko konpromisoa hartzen dugu, kalitatezko zerbitzua izan dadin, fokoa langileen baldintzetan ere jarriz.

Harago joango den estrategia nahi dugu ordea, hiru hanka izango dituen prozesua. Batetik, diagnostikoa edo detekzio jarraitua. Basotxok eta laster abiaraziko den Eusko Jaurlaritzako bakardadearen behatokiaren lanarekin jarraituz, herriko eragile eta norbanakoekin batera, bakardadea detektatzeko “antenak” aktibatuko ditugu, isolamendu egoerak jakinarazteko kanalak sortuz.

Bigarrenik, bakardade egoeran dauden pertsonen harreman sarea indartu, binkuloak eraiki eta herriko dinamikarekin elkarrekintza izan arteko prozesuan bidelagun izango gara. Agente ezberdinen inplikazioa eta lidergoa ezinbestekoak dira honetarako, baina badakigu Aretxabaletak baduela gaitasuna.

Azkenik, zaintza lana egiten duten pertsonekin ere lan egingo dugu: beren premiak asetu, lana ikusarazi, balioan jarri, duindu eta formazioa eskainiz, besteak beste.