Herri biziak izateko toki erakundeen autonomia errespetatzea eta finantzazio nahikoa ematea planteatu du EH Bilduk

Kike Fdez de Pinedo: azken urteotako eredua zerbitzuen zentralizazioan eta klientelismoan oinarrituta egon da

| 2019-05-20 12:31:00

Toki erakundeen defentsan atera da gaur EH Bildu eta azpimarratu du Arabak herri biziak izango dituela soilik toki erakundeen autonomia errespetatzen bada eta finantzazio nahikoa eskaintzen bazaie. Horrela azaldu du Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaia Kike Fdez de Pinedok foru jauregiaren atzean egindako agerraldi batean. Berarekin batera, besteak beste, Lur Jareetako eta Aiaraldeko zerrendaburuak, Eva Lopez de Arroyabe eta Ainhize Solaun egon dira. “Deszentralizazioa, gardentasuna, kudeaketan parte-hartzea, toki erakundeen eskumenei errespetua eta subsidiaritatearen defentsa  izango dira gure toki administrazioaren politiken ardatzak”, laburbildu du Fdez de Pinedok.

 

EH Bilduren ustez, ezinbestekoa izango da ere bai finantzazioa bermatzea. Zentzu horretan, legealdi osoan egin duen bezala, FOFEL-en bitartez toki erakundeen finantzazioa %58koa izatea defendatuko duela gogoratu du. Era berean, kontzeju, udalerri eta kuadrillen finantzazio ez baldintzatua igotzearen alde azaldu da, autonomia handiagoa bermatzeko asmoz eta inbertsio politikak zehaztu ahal izateko etengabeko deialdien menpe ez egoteko.

 

Bestalde, EH Bilduk salatu ditu azken urte hauetan Arabako Foru Aldundiak abiatu dituen zentralizazio saiakera guztiak. “Bereziki larria izan da ur partzuergo bakarrarekin gertatutakoa, baita zerbitzu sozialen legearen ezarpena ere, bietan Arabako Foru Aldundiak toki erakundeen autonomia urratu duelako”, gogoratu du Fdez de Pinedok.

Hori dela eta, EH Bilduk planteatu du zerbitzu sozialen arloan legearen arabera dagozkien eskumenak transferitzea hala eskatzen badute eta horrekin batera kudeaketa bermatzeko finantzazio nahikoa. Uraren kudeaketari dagokionez, berdintasuna eta errespetua eskatu ditu eta Ur Foru Agentzia sortzea aholkularitza lanak eskaintzeko. Arabako Errioxan abian jarri den merkantilizazio prozesua berraztertzea planteatu du EH Bilduk.

 

Azkenik, EH Bilduk Kontzejuen Foru Araua eta Kuadrillen Foru Araua eguneratzeko konpromisoa hartu du EH Bilduk, beti ere toki erakundeen eskutik. “Azken legealdiko gainditu gabeko ikasgaia izan da”, ondorioztatu du EH Bilduko hautagaiak.

 

EH Bilduk Arabar Errioxako berezko izendapena landu eta abiaraziko du

Eskualde-ospitalea bultzatu nahi du Lezan, baita kultura eta kirolerako azpiegiturak ere

| 2019-05-19 13:24:00

EH Bilduk bide hori egin nahi duten ardogileekin batera, Arabar Errioxako berezko izendapena landu eta abiaraziko du, beti ere egungo DOCen geratu nahi dutenen borondatea errespetatuz eta babestuz. Horretarako Eusko Jaurlaritzari jarraituko dio eskatzen jarrera proaktiboa izan dezala, Espainiar Estatuko zein Europako instituzioek izendapen berria abiarazteko prozedura burokratikoa ahalik eta gehien azkartu dezaten. Horrekin batera, batez ere, ekialdeko herrietan olibondoak eta oliogintza bultzatu nahi ditu. Hori defendatu dute, besteak beste, Kike Fdez de Pinedok eta Gabi Friasek Guardian egindako ekitaldi politikoan.

 

Horrekin batera, EH Bilduk Lezan eskualde- ospitalea jarri nahi du. “Arabar Errioxako eskualde-ospitale bilakatu dadila. Ildo horretatik egun dauden espezialitateez gain, ezinbestekoa deritzogu bertan ginekologia zerbitzuak (mamografiak egiteko beharrezko azpiegitura barne) modu iraunkorrean eskaintzeari. Horrekin batera, bertan kokatuko dugu Arabako Hegoaldea artatuko duen anbulantzia medikalizatua”, azaldu dute.

 

Horrez gain, kultura eta kirol azpiegiturak bultzatuko ditu EH Bilduk. “Gabezi ugari daude arlo honetan eta kuadrilla osorako kirol eta kultur azpiegituren multzo bat abiaraziko dugu, bikoizkeriak eta handikeriak ekidinez. Zehazki, erabilera anitzeko antzoki-zinema bat, igerileku estalietako gune bat, ardogintzari buruzko interpretazio eta dokumentazio zentro bat eta aire zabaleko kirol gune bat, kanpo igerilekuak ere izango dituena”, aipatu ditu Kike Fdez de Pinedo Arabako Ahaldun Nagusi izateko hautagaiak.

 

Bestalde, turismoari dagokionez, Arabar Errioxa osorako Turismo Plan Estrategikoa aldarrikatu du EH Bilduk. Plan horren bidez, besteak beste, Kuadrilla osoaren mota guztietako ondare historiko eta kultural ezin aberatsagoa balioesteaz gain, berau babesteko neurri eraginkorrak ere hartuko ditugu. Azkenik etxebizitza, garraioa eta uraren kudeaketa aipatu dituzte.

 

 

Etxebizitza dagokionez, gazteei begirako etxebizitza politika azpimarratu dute EH Bilduk hautagaiek eta AHTrik ez dutela nahi argi eta garbi agerian utzi dute. Azkenik, ura pribatizazio arriskuan dagoela ohartarazi dute. Horren aurrean, uraren kudeaketaren eskumena toki erakundeena dela gogoratu dute eta Foru Aldundiak abian jarri duten zentralizazio prozesua gogor kritikatu dute.

 

 

EH Bilduk estatus politiko berriaren eztabaidak Trebiñuko auziari soluzioa emateko aukera leiho bat zabalduko duela defendatu du

Kike Fdez de Pinedo: “legealdi honetan Arabako Foru Aldunditik marketin gehiegi egin da.”

| 2019-05-18 17:38:00

Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaia Kike Fdez de Pinedok defendatu du estatus politiko berriaren eztabaidak Trebiñuko auziari soluzioa emateko aukera leiho bat zabalduko duela. Izan ere, gaur gaurkoz EAJrekin adostua dagoen oinarrien akordioak honezkero jasotzen du barrutiko biztanleen borondatea izango dela muga bakarra.

Bitartean, Trebiñuko herritarrak ezin direla bigarren mailako arabarrak izan azpimarratu du. Hori dela eta, zerbitzu guztiak bermatuta izan behar dituztela defendatu du eta ez nahikoak ikusten ditu Burgosek eta Arabak sinatu dituzten hitzarmenak. “Arabako Foru Aldundiaren eta Burgosko Diputazioaren eskumenek gizarte aurreratu batean duintasunez bizitzeko oinarrizko zerbitzu batzuk (osasuna, hezkuntza, indarkeria matxistaren kontrako borroka…) bere baitan hartzen ez dituztenez, Eusko Jaurlaritzari exijituko diogu bere eskumenen arloan pareko hitzarmenak landu eta adostu ditzala Gaztela Leongo Juntarekin”, azaldu du Fdez de Pinedok.

Arabako zerrendaburuaren ustez, legealdi honetan Arabako Foru Aldunditik “marketin gehiegi” egin da lortutako aurrerapenen inguruan eta jarrera horrek asko haserretu ditu herritarrak ikusten dutelako “ez dela ezer aldatzen”. Ildo berean, Argantzungo alkategaia Pablo Ortiz de Latierrok esan du sinatutako akordio horiek “atzera pausua” izan direla soilik arazoa luzatuko dutelako”.

 

Era berean, Ortiz de Latierrok udalerrirako proiektuak azaldu ditu. Horien artean, konpost guneak eta garbigune bat sortzea, lehen sektoreari babesa, futbol zelaiaren konponketa, Zadorra ibaiko bainu lekua hobetu, Siloan mural partehartzailea, Hiriberi Okako hiriguntza plana eta San Juan Ospitalaren zaharberritzea aipatu ditu. Hori dena berdintasuna eta euskara erdigunean jarriz.

Kike Fdez de Pinedo: Araban soilik bi aukera daude, edo betikoak edo EH Bildu

Maddalen Iriarte: “2011n Laudion eta Araban abiatu zen olatua indartu behar dugu maiatzaren 26an”

| 2019-05-17 22:00:00

Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaia Kike Fdez de Pinedok nabarmendu du betiko politiken aurrean alternatiba EH Bildu dela. Gaur Laudioen egin den ekitaldi politikoan izan da eta bertan parte hartu dute Laudioko Alkatea Natxo Urkixok eta Legebiltzarreko bozeramailea Maddalen Iriartek ere bai. “Araban bi aukera daude: betikoen uztarripean jarraitu betiko politikekin eta betikoen mesedetara edo jendarteak eskatzen dituen politikak garatzeko herri sektoreek instituzioen agintea hartu eta herrialde bezala hazten hasi. Zentralizazioaren aurrean, guk gertutasuna eskaintzen dugu; klientelismoaren aurrean, gardentasuna; diskriminazioaren aurrean, berdintasuna; murrizketen aurrean, eskubideak; betikoen aurrean, EH Bildu”, zehaztu du Fdez de Pinedok.

 

Laudioko EAJk atzo egindako kritikei erantzun die Diputatu Nagusirako EH Bilduren hautagaiak. “Gure beldur dira. Horregatik, bizikleta estatikokoaren aldekoek, dena kontrolatzen jarraitzeko ezer ez aldatzea nahi duten horiek, marmotaren egunaz hitz egiten dute eta gobernatzen ez dakigula eta antzekoak esaten dituzte”.

 

Zentzu horretan, gogora ekarri du EH Bilduk alkatetza daukala Arabako bederatzi udalerritatan eta horietako guztietan abian jarri dituela herritarren bizitza hobetzea ekarri duten proiektuak. “Hori guztia motibazio eta ilusio osoarekin egiten dute eta, batez ere, zintzo jokatuta”. Gaineratu duenez, EH Bilduk lortu zuen PP Arabako eta Gasteizko gobernuetara ez iristea. Halaber, zehaztu du aurrekontuen bidez indarrean jarritako 100 neurri baino gehiago EH Bilduri esker egin direla. “Gure motibazioa ez da alderdikoia. Gure lehentasuna da elkartasunean oinarritutako Araba bidezkoagoa egitea, Euskal Herria libre batean”.

Maddalen Iriarte: 2011n Laudion eta Araban abiatu zen olatua indartu behar dugu maiatzaren 26an

Bestalde, Maddalen Iriartek gogoratu du “duela 8 urte, Araban eta Laudion ezker soberanistaren olatua altxatzea” lortu zuela eta olatu hori herrialdeko instituzioetara heldu zela eta indar handiz sartu zela. “2011n Laudion eta Araba osoan altxa zen olatua indartu behar dugu maiatzaren 26an eta orain daukaguna baino indar handiagoarekin heldu behar da instituzioetara. Sinetsita nago hori horrela izango dela. Kalean nabaritzen hasia den zerbait da”, baieztatu du Legebiltzarreko bozeramaileak.

Era berean, maiatzaren 26an “Araba eredua indartu beharra” dagoela berretsi du. “Hemen, Laudion, ondo dakizue zer den Araba eredua: herri interesak alderdi interesen aurretik jartzea da Araba eredua. Herritarrak babestea, inor bazterrean ez uztea, herritarrek bizi proiektu duina garatu ahal izateko kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea. Horixe da ezkerreko subiraniston lehentasuna, pertsonak politika publikoen erdigunean jartzea. Zenbat eta EH Bildu gehiago, orduan eta hobeto biziko dira euskal herritarrak. EH Bildu agintean dagoenean edota politiak publikoak baldintzatzen dituenean, herritarren bizi baldintzak hobetu egiten direlako”, gaineratu du Iriartek.

 

Natxo Urkixo: EH Bildu Laudio bozkatzeak denon artean Laudio egitea da

Azkenik, Laudioko alkateak – eta alkategaiak- EH Bilduren estiloa balioan jarri du. “Hauxe da gure estiloa. Eguneroko lana. Jendearekin batera aritu, gure proposamenak azaldu eta 8 urteotan udalean egindakoaren berri eman. Ez gara hutsetik abiatzen, ez gara zerotik hasten. 2011ko gure motxila eder hura baita gure programaren atal nagusiena, esaten dugunaren froga materiala”, zehaztu du.

Zortzi urteko balantzerik onena programa dela aldarrikatu du Natxo Urkixok. “Bakoitzak baloratu dezan, hori da hain zuzen, laudioarrei proposatu diegun ariketa, esateko modurik onena egitea delako eta EH Bildu bozkatzeak esan nahi du guztion artean Laudio egiten jarraitzea”, azaldu du.

 

 

 

Kike Fdez de Pinedo: hemen eta orain ezkerreko alternatibarik sinesgarriena EH Bildu da

Arnaldo Otegi: “Herri honetako udal edota diputazioetako botere gune guztietatik kanporatu behar da autoritarismoa”

| 2019-05-16 22:28:00

Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaiak “hemen eta orain ezkerreko alternatibarik sinesgarriena” EH Bildu dela nabarmendu du. Gaur arratsaldean Agurainen izandako ekitaldi politikoan izan da. “Araban, eta bereziki Gasteizen, berdinketa hirukoitza dugu EH Bildu, EAJ eta PPren artean. Betikoen gobernuen aroa  gainditzeko, azken 40 urteotan instituzioak kontrolatu dituzten aroa gainditzeko, ezinbestekoa da ezkerreko botoa eta boto aurrerakoia biltzea aukera gehien dituen alternatiban, hau da, alternatiba sinesgarrienean. Gaur eta hemen, EH Bildu da ezkerreko alternatibarik sinesgarriena”, esan du Fdez de Pinedok.

Bere ustez, “uzta jasotzeko unea heldu da”. Haizea alde dugu azken boladan. Irribar egin dezagun. Uzta jasotzeko aurretik erein behar da eta lurra zaindu. Hori da egin duguna Araban eta Euskal Herrian azken urteetan, horregatik pozik gaude ondo goazelako. Gure pozima: lana, zintzotasuna, koherentzia eta lurraldea eraldatzeko eta hobetzeko motibazioa”, gaineratu du Fdez de Pinedok.

Bestalde, Arnaldo Otegik “eskuina geratzeko konpromisoa” ondo bete duela adierazi du gaur arratsaldean Agurainen egindako ekitaldi politikoan, eta urrats bat harago joan da gaur. “EH Bildutik uste dugu herri honetako udal edota diputazioetako botere gune guztietatik kanporatu behar dela autoritarismoa”.

Euskal herritarren aurrean konpromisoa hartu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. “Gure botoek, EH Bilduren botoek, trifatxitoko indarrak udal edota diputazioetako botere guneetara iristea ekidingo dute. “Gaineratu duenez, EH Bilduk uko egingo die indar politiko horietako botoei, alkatetzetara edo diputazioetara iristea ahalbidetzen badiote”.

“Araba eredua”-ren defentsa egin du Otegik. “Herri interesak alderdi interesen aurretik jartzea da eredu horren oinarria. Zentzu horretan, gogora ekarri du aurreko legealdian, Gasteizen, EH Bilduk egin zuena Maroto alkatetzatik kanporatzeko, bigarren indarra izan arren, prest egon zelako EAJri alkatetza emateko

 

Azkenik, EH Bildu Agurainek 2011n hasitako bideari jarraipena emateko beharra azpimarratu du. Orduan Maider Garcia de Vicuñak zuzendu zuen taldea eta gaur Garcia de Vicuñak Raul Lopez de Uralde zerrendaburuari eman dio lekukoa. Azken horrek, aguraindarrek egindako herri programa balioan jarri du. “Gure programa landua eta luzea da, pertsona askoren partehartzearekin eginda, eta garrantzitsuena, betetzeko egin dugun programa da. Partehartzea, gardentasuna eta zintzotasuna dira gure kudeaketaren ezaugarriak”, esan du Lopez de Uraldek.

 

ALBISTEAK

Urkabustaizek ukatu egin du Eusko Jaurlaritzak udalei ingurumen-proiektuak inposatzeko asmoa

2021-11-25 09:58:00

Ingurumen Administrazioari buruzko Legearen artikuluetan sartu nahi diren aldaketen aurkako mozio bat onartu du; ekimen horren bidez, Eusko Jaurlaritzak Goi Mailako Interes Publikoko Proiektu deklaratu ahal izango du, udal-araudiaren gainetik.

Bastidako Udalak osoko bilkuran adierazi du Zaragozatik Jundizera tentsio handiko linea bat eraikitzeko proiektuaren aurka dagoela

2021-11-23 09:30:00

Lautadako Kuadrillak ere baztertu egin du Arabako Lautada zeharkatzen duen goi-tentsioko linea eskualdean inpaktu larriak dituelako.

EH Bilduk bihar egingo diren Arabako kontzejuetarako hauteskundeetan parte hartzeko deia egin du

2021-11-20 09:31:00

Javier Argote: “Mila pertsona baino gehiago hautatuko ditugu gure herriak dohainik eta borondatez ordezkatuko dituztenak. Horregatik bakarrik merezi du igande honetan zure kontzejuan botoa ematera joateak”.