Foru Gobernuak bertan behera utzi nahi du EH Bilduk lau zerga aldatzeko egindako proposamena, etxebizitzen salmentaren espekulazioa eta gehiegizko alokairuak zergapetzeko helburuarekin
2026-10-13. Bihar eztabaidatuko da Arabako Batzar Nagusietan EH Bilduk proposatutako foru araua, espekulazioa geldiarazteko fiskalitatearen arloan. Lau zerga aldatzen dituen ekimena da, etxebizitzak erosteko espekulazioa eta gehiegizko alokairuak zergapetzeko. Hala ere, EAJren eta PSEren Foru Gobernuak tramitazioaren kontrako txostena igorri du. Egoera horren aurrean, EH Bilduk bere jarrera birplanteatzea eta tramitazioa bermatzea eta neurri horien eztabaida ahalbidetzea eskatu die. "Aldatu eta eztabaidatu daitezkeen neurri batzuk dira. Horregatik eskatzen diogu EAJri koherentzia eta erantzukizuna norabide onean urratsak emateko. Eta PSEri ahots propioa eskatzen diogu, legealdi osoan eta erakunde guztietan etxebizitzaren arloko edozein aldaketa oztopatzen ari den EAJren atzetik ez joateko", zehaztu du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak.
Lopez de Arroyabek gogorarazi duen bezala, zerga-erreforma honek etxebizitzarekin negozioa egiten duten pertsonak edo enpresak zergapetzea du helburu, dela salerosketan, dela gehiegizko alokairuak kobratzean. "Bizitegi-larrialdiko egoeran, etxebizitza negozio edo inbertsio gisa erabiltzeko joera da gaiaren funtsa. Horregatik, neurriak hartu behar ditugu etxebizitzari bere funtsezko funtzio soziala izateko. Horretarako, egungo zerga-politika errotik aldatu behar da ", azaldu du EH Bilduko bozeramaileak.
Errealitatea gordina da. Metro koadroaren batez besteko prezioa 3.000 euro ingurukoa da Araban, eta joera da urtero % 7,4 igotzea. Bestalde, alokairuaren batez besteko errenta 1.300 eurotik gorakoa da, 624 eta 813 euro arteko errentak ezartzen dituzten erreferentziazko prezioetatik oso urrun. Eta hori gutxi balitz, Arabako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren datuen arabera, 445 etxegabetze erregistratu ziren iaz, 2024an baino 318 gehiago. 1,2 desahuzio egunean. "Duela gutxi ikusi dugu San Martinen eta Alde Zaharrean. Kasu horiek proiekzio publikoa izan dute. Baina egunero, familia batek etxea galtzen du ", gogoratu du Lopez de Arroyabek.
Horregatik, EH Bilduk uste du ulertezina dela EAJren eta PSEren jarrera. Sozietateen gaineko Zergaren kasuan, ezin da onartu alokatzeko etxebizitzekin negozioa egiten dutenek gero onura fiskalak izatea. Horregatik, alokairuko bost etxebizitza baino gehiago dituztenei diru-sarreren % 90eko hobaria kentzea proposatzen da.
Eskualdaketen gaineko Zergaren kasuan, etxebizitzen salmentagatik ordaintzen dena, EH Bilduk hirugarren eta ondorengo etxebizitzen eskualdatze tasa handitzea eta edukitzaile handientzat (bost etxebizitza edo gehiago) igoera are handiagoak ezartzea proposatu du. "Neurri honekin oztopoak jarri nahi dizkiogu etxebizitzen kontzentrazioari eta inbertsio espekulatiboari. Azken batean, etxebizitzen salerosketarekin negozioa egiten dutenek gehiago ordaintzea planteatzen dugu" zehaztu du Lopez de Arroyabek. Lehen etxebizitza eskuratzen dutenei lehentasuna emateko, kasu horretan zerga murriztua mantentzen da.
Gainera, EH Bilduk PFEZren % 20ko errekargua proposatu du aprobetxamendu turistikorako etxebizitzei dagokienez, eta beste horrenbeste tentsionatutzat jotako eremuetan etxebizitzak alokairuan dituztenei eta erreferentziazko indizeen gainetik errentak kobratzen dituztenei dagokienez. Kasu horretan ere ezin izango dira hobariak jaso. "Esan bezala, alokairuaren negozioari mugak jarri behar zaizkio. Ez da onargarria alokairuaren batez besteko errenta hileko 1.300 eurotik gorakoa izatea, 624 eta 813 euro arteko prezioak ezartzen dituzten erreferentziazko indizeetatik oso urrun", gaineratu du.
Azkenik, EH Bilduk errefusatu egin ditu Foru Gobernuak emandako argudioak. Proposamena Batzar Nagusi guztietan izapidetu da, eta ezinbestekoa da egoera horri erakunde guztiekin koordinatuta heltzea.