EH Bilduk lau zerga aldatzeko egindako proposamenaren eztabaida ukatu dute Foru Gobernua osatzen duten taldeek, PP eta VOXekin batera
2026-10-14. Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran, etxebizitza-espekulazioari aurre egiteko zerga-neurriei buruzko EH Bilduren proposamena izan dute eztabaidagai: EAJk, PSEk, PPk eta Voxek EH Bilduren foru-arau proposamena eztabaidatzearen aurkako botoa eman dute, modu araua aldatzeari atea itxiz.
EH Bilduren bozeramaile Eva Lopez de Arroyabek deitoratu egin du EAJren eta PSEren jarrera. «Gaurko argazkia guztiz kezkagarria da. Gaur, bloke erreakzionarioaren eskutik, PSEk eta EAJk atzera bota dute eztabaidatzeko proposamen bat», esan du bozeramaileak. «Arabarrek gogoan izango dute nork defendatzen dituen beren eskubideak eta zeinek nahiago duten gehien dutenen onurak bere horretan mantentzea».
EH Bilduren proposamenak lau zerga aldatzen zituen, etxebizitzak erosteko espekulazioa eta gehiegizko alokairuak zergapetzeko. Lopez de Arroyabek atzo gogorarazi zuen bezala, zerga-erreforma honek etxebizitzarekin negozioa egiten duten pertsonak edo enpresak zergapetzea du helburu, dela salerosketan, dela gehiegizko alokairuak kobratzean. «Bizitegi-larrialdiko egoeran, etxebizitza negozio edo inbertsio gisa erabiltzeko joera da gaiaren funtsa. Horregatik, neurriak hartu behar ditugu etxebizitzari bere funtsezko funtzio soziala izateko. Horretarako, egungo zerga-politika errotik aldatu behar da», azaldu du EH Bilduko bozeramaileak.
Horregatik, EH Bilduk uste du ulertezina dela EAJren eta PSEren jarrera. Sozietateen gaineko Zergaren kasuan, ezin da onartu alokatzeko etxebizitzekin negozioa egiten dutenek gero onura fiskalak izatea. Horregatik, alokairuko bost etxebizitza baino gehiago dituztenei diru-sarreren % 90eko hobaria kentzea proposatzen da.
Eskualdaketen gaineko Zergaren kasuan, etxebizitzen salmentagatik ordaintzen dena, EH Bilduk hirugarren eta ondorengo etxebizitzen eskualdatze tasa handitzea eta edukitzaile handientzat (bost etxebizitza edo gehiago) igoera are handiagoak ezartzea proposatu du. "Neurri honekin oztopoak jarri nahi dizkiogu etxebizitzen kontzentrazioari eta inbertsio espekulatiboari. Azken batean, etxebizitzen salerosketarekin negozioa egiten dutenek gehiago ordaintzea planteatzen dugu" zehaztu du Lopez de Arroyabek. Lehen etxebizitza eskuratzen dutenei lehentasuna emateko, kasu horretan zerga murriztua mantentzen da.
Gainera, EH Bilduk PFEZren % 20ko errekargua proposatu du aprobetxamendu turistikorako etxebizitzei dagokienez, eta beste horrenbeste tentsionatutzat jotako eremuetan etxebizitzak alokairuan dituztenei eta erreferentziazko indizeen gainetik errentak kobratzen dituztenei dagokienez. Kasu horretan ere ezin izango dira hobariak jaso. "Esan bezala, alokairuaren negozioari mugak jarri behar zaizkio. Ez da onargarria alokairuaren batez besteko errenta hileko 1.300 eurotik gorakoa izatea, 624 eta 813 euro arteko prezioak ezartzen dituzten erreferentziazko indizeetatik oso urrun", gaineratu du.
«Arabak ez du merezi zuen borondate politikorik eza, zuen koherentzia eza eta zuen arduragabekeria. Benetan, pena bat da. Gaur aukera bat galdu dugu etxebizitza politikan aurrera egiteko gure tresna batekin, fiskalitatearekin, hain zuzen», amaitu du Eva Lopez de Arroyabek.