Upategien eta mahastizainen galera geldiarazteko eraginkortasunik eza nabarmena denez, sektorearen bideragarritasun ekonomikoa eta biziraupena bermatzeko neurriak argitzeko eskatu diote Ahaldun Nagusiari
Araba. 2026-10-02 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Ahaldun Nagusiari bideratutako interpelazioa erregistratu du, mahastizaintza eta ardogintzako sektore ekoizlearen biziraupena bermatzeko hartuko dituen neurriak argitu ditzan. Datorren urriaren 7an izango da Arabako mBatzar Nagusietako Kontroleko Osoko Bilkura, eta bertan defendatuko du interpelazioa Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak.
Eva Lopez de Arroyabek gogorarazi du Arabako Errioxako eskualdean mahats-bilketa oso goiz egin dela aurten, azken hilabeteetan areagotu diren baldintza klimatiko zailen ondorioz. Izan ere, «egoera hobetu beharrean, okerrera egin du modu kezkagarrian». «Mahats-bilketari gero eta ziurgabetasun handiagoz egiten diote aurre landa-eremuko profesionalek, eta ezegonkortasunak ito egiten ditu gure kalitateko ardoa ematen duen mahatsa ekoizteko ardura dutenak». Bozeramaileak salatu duenez, beste behin ere, «katearen presio handiena katebegi ahul eta zaurgarrienei eragiten die: Araban kalitatezko mahatsa ekoizten duten langileei».
Mahastizainak bere lanaren truke jasotzen duen prezioa, gasolioaren edo lehengaien prezio altuen ondorioz ekoizpen-kostuak igotzea... asko dira errentagarritasuna % 40 inguru jaisteko arrazoiak Lopez de Arroyaberen esanetan. «Baina, kostuak igo diren bitartean, mahatsaren salmentaren prezioak jaitsi egin dira edo berdin jarraitzen dute. Horren guztiaren ondorioz, egoera horren ondorioak oso larriak eta atzeraezinak izan daitezke denbora gutxian».
Eta egoera horretan, upategiak eta mahastizainak etengabe galtzen ari dira Arabako Errioxan. Azken hamarkadan ehun bat upategiren jarduera eten da eta 700 lanpostu baino gehiago galdu dira. «Azken urteotan egindako politiken ondorio zuzen gisa, gero eta ahulagoa den eta upategi gutxi batzuen mende dagoen sektore bat dugu, bai eta nahi bezala egiten eta desegiten duen Kontseilu Arautzaile bat ere». Lopez de Arroyabek nabarmendu du Ahaldun Nagusia egoera horren jakitun dela eta horregatik upategi batzuetara gutun bat bidaltzea erabaki duela, sentsibilitatea eskatzeko.
Hala eta guztiz ere, «benetako lidergo instituzional baten falta sumatzen da, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektore osoaren biziraupena bermatuko duen ibilbide-orri bat diseinatzeko, eta ordainketak atzeratzeko diseinatutako gehiegikeriak eta asmakizun komertzialak jazartzeko irmotasun handiagoa izateko, adibidez, mahatsa ordaindu aurretik ardoa kalifikatzeko ezarpena».
«Arabako Errioxa eta haren lurralde-eredua defendatzeak eskatzen du lehenbailehen bermatzea mahastietan egiten den ahaleginak bidezko ordainsari duina jasoko duela, eta eskatzen du, halaber, erakundeek merkaturatze-esparru propioak eta egonkorrak sustatzea eta gertuko zirkuituak sortzea. Hori da bidea», amaitu du Eva Lopez de Arroyabek.