AKTUALITATEA


| 2026-09-23 10:55:00

Eva Lopez de Arroyabe: «EAJk eta PSEk osatutako bazterketa-gobernuen zikloa behin betiko itxi behar dugu, gaur egun gehiengo nahikorik ere ez baitute osatzen, elkarlaneko kontzentrazio- eta maila anitzeko gobernuen garaia zabaltzeko, bizi dugun garaiari erantzuteko tresna eraginkor bihur daitezen»

Araba. 2026-09-23 | Arabako Batzar Nagusietako politika orokorreko osoko bilkuran, Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu batzarkide taldeko bozeramaileak elkarlaneko gobernuak osatzearen alde egin du, Arabako gizarteak bizi duen ziurgabetasun eta aldaketa zorabiagarrien aurrean.

Lopez de Arroyabek gizarteak azken hamarkadan bizi izan dituen aldaketak azpimarratu ditu, eta horiei hainbat krisi gehitu behar zaizkiela esan du, baita autoritarismoaren eta ultraeskuinaren gorakada ere. Ildo horretan, bozeramaileak nabarmendu du «aparteko uneen aurrean, ez dutela ohiko erantzunek balio», azken hamarkadan lurraldea gobernatu duen EAJ-PSE aliantzari erreferentzia eginez. «EH Bilduk apustu sendoa egin du EAJk eta PSEk osatutako bazterketa-gobernuen zikloa behin betiko ixtearen alde, gaur egun ez baitute gehiengo nahikorik ere osatzen; kontzentrazioko eta maila anitzeko gobernu kolaboratiboen garaia ireki behar dugu, bizi dugun garaiari erantzuteko tresna eraginkor bihur daitezen».

Lopez de Arroyabek Jose Antonio Agirre lehendakariaren eta Teodoro Olarte Arabako Foru Aldundiko 1936ko batzorde kudeatzailearen figurak aldarrikatu ditu gaur, adibide «inspiratzaile» gisa, biek jakin baitzuten garai zailetan modu desberdinean jokatzen, «kontzentrazio-gobernuak eta espektro zabaleko hautagaitzak sortuz».

Elkarlaneko gobernu horiek, Lopez de Arroyaberen arabera, «bizitza duinak bermatuko dituen Araba bat ahalbidetu beharko lukete, aberastasuna sortu eta banatuko duena, ingurumena zainduko duena eta planetaren mugetara egokituko dena, belaunaldi guztiak zainduko dituena eta arabar berriak beso-zabalik hartuko dituena, landa-eremuaren eta hiriburuaren arteko oreka lortuko duena eta antifaxista izango dena, bloke erreakzionarioa geldiaraziz». Bozeramaileak aipatutako esparru bakoitzerako proposamen ezberdinak aletu ditu, eta nabarmendu du EH Bildu bat datorrela Foru Gobernuarekin erronka handi horien identifikazioan.

Ildo beretik, Lopez de Arroyabek adierazi du beharrezkoa dela familia politikoen artean adostea olatu erreakzionarioari aurre egin behar zaiola, «jendearen baldintza materialei erantzuteko». Ibilbide-orri bat diseinatzearen aldeko apustua egin du, datozen urteetan sei gaitan hedatuko dena (etxebizitzaren espekulazioari muga jartzea, Aiaraldeko industria-politika, fiskalitate justu eta progresiboa, mugikortasuna, lehen sektorearen etorkizuna eta Trebiñuko integrazioa). Horregatik, «akordio baztertzaileak behingoz albo batera utzi eta elkarlaneko gobernantza-eredu batean aurrera egitearen» alde egin du.

«Garai nahasgarriak bizi ditugu. Ohiz kanpoko garaiak bizi ditugu. Guregandik espero denaren mailan egotea dagokigu. Gai izan gaitezen batzen gaituena balioesteko, aurrez aurre dugunari aurre egiteko. Berreskura dezagun eta, batez ere, sakondu dezagun demokrazian, herritarrei ziurtasunak eta segurtasuna emateko, jendeari bizitza duinak bermatzeko. Ziur gaude hori dela herritarrek gugandik espero dutena. EH Bilduk eskaintza zintzoa eta leiala egin du bide berri hori egiten hasteko», amaitu du Eva Lopez de Arroyabek.