EH Bilduk ziurtatu du Araba eta Tokiko Erakundeak Ekarpenen Lege berriarekin galtzaile ateratzen direla

Iñaki Ullibarri: "Arabako toki-erakundeei dagokienez, geunden bezala geratzen gara, hiru lurralde historikoetatik finantzazio txikiena izaten jarraituko dute. Beraz, akordio txarra da Arabarentzat eta tokiko erakundeentzat"

| 2021-07-19 11:53:00

EH Bilduren arabera, Arabak eta tokiko erakundeek Ekarpenen Lege berria galdu dute. Hala adierazi du Iñaki Ullibarri EH Bilduren prokuradoreak Arabako ahaldun nagusiaren agerraldian, hiru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak lortutako akordioaren nondik norakoak azaltzeko.


Ullibarrik Bizkaiko Foru Diputatuaren adierazpenak gogora ekarri ditu. Izan ere,  joan den astean akordio horrekin Bizkaiko lurraldea irabazten ari zela ziurtatu zuen Unai Errementeriak. EH Bilduren ustez, akordioa "etsigarria" eta "eskasa" da.


Zehaztu duenez, hamar urtez akordiorik lortu gabe egon ostean, orain aurkeztu dena, funtsean, lege bera da. Horrela, koefiziente horizontala mantentzen da, toki-erakundeek orain arteko finantzazioa izango dute eta bi aldaketa bakarrak betikoen onurarako dira: Bizkaia eta Eusko Jaurlaritza. Koefiziente bertikala eta egokitzapen-funtsa dira. Azken horrek orain bigarren tarte bat du, non Eusko Jaurlaritzak ez duen orain arte bezala % 70eko ekarpena egiten, % 50ekoa baizik.

"Akordio etsigarria da, ezer ez da aldatzen eta betikoei mesede egiten die. Arabako toki-erakundeei dagokienez, geunden bezala geratzen gara, hiru lurralde historikoetatik finantzazio txikiena izaten jarraituko dute. Beraz, akordio txarra da Arabarentzat eta tokiko erakundeentzat", azaldu du Ullibarrik.

IRAGANA GOGOAN, ARABA BERRIA ERAIKI. Contra la impunidad franquista: verdad y justicia

| 2021-07-18 10:54:00

Gaur, uztailak 18, 85 urte betetzen dira legalitate errepublikarra eta pertsonen zein herrien askatasunak defendatzen zituzten pertsonen eta estatu kolpe faxista babesten zutenen arteko gerra ekarri zuen altxamendu militarretik. Estatu kolpe hark milaka pertsona erail, zauritu, espetxeratu edota erbesteratzeaz gain, isunak eta konfiskazioak eragin zituen, baita gosetea, miseria eta suntsipena ere. Errepresio frankistak Errepublikako gobernuak sustatutako gizarte eta lege aurrerapenak suntsitu zituen. Oraindik ere ordaintzen egindako ari gara atzerapauso hura.


Horren ondoren, 40 urteko diktadura, etorri zen, eta haren eskutik jazarpena, askatasun falta eta justizia eza. Gero, ahanzturaz eta bidegabekeriaz betetako hamarkadak. 85 urte geroago, krimen haien zigorgabetasunak bere horretan jarraitzen du. 85 urte geroago, milaka lagunek euren senideen gorpuen bila jarraitzen dute, bide ertzetan edota hobi komunetan. 85 urte geroago, ez dugu egia osoa ezagutzen.


Izan ere, etorkizuna ezin da isiltasunaren eta ahanzturaren gainean eraiki, egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak gauzatzeko ezarritako nazioarteko parametroak betetzea eskatzen dugu. Errepublikaren legezkotasuna defendatu zuten pertsonen aitortza juridiko, politiko eta soziala eskatzen diegu erakunde publikoei, baita frankismoaren, faxismoaren eta nazismoaren aurka zein pertsonen eta herrien askatasunaren alde borrokatu zirenena ere.


Horregatik, uste dugu Memoria Demokratikoaren Legearen aurreproiektua motz geratzen dela. Lege hau aukera bat izan behar da egia, justizia eta biktimen erreparazioa aitortzeko bidean aurrera egiteko. Aurrerapauso bat eman da hainbat gaitan, hala nola, desagertutako pertsonak bilatzea eta gorpuzkiak hobitik ateratzea, fiskaltza espezializatu bat sortzea edota frankismo kriminalak emandako epai bidegabeak baliogabetzea edota legez kontrakotzat jotzea.

 

Hala ere, geure egiten ditugu nazioarteko irizpideetara egokitu behar dela eskatzen duten gizarte eragileen aldarrikapenak:

 

- Egia ofizia eta kolektibo bat sustatu behar da, adibidez, egiaren batzorde baten bidez.


- Benetako babes judiziala bermatu behar da, eta ikerketarako oztopoak ezabatu; hau da, 1977ko amnistia legea indargabetu behar da.

 

- Biktimei erreparazioa eman behar zaie; eta ikerketa judizialik zein egia ezagutzeko baliabiderik gabe, erreparazio hori eragozten da.


- Genero-ikuspegia txertatu behar da, emakumeek pairatu zituzten errepresio modu espezifikoak ikertu, zigortu eta konponbidean jartzeko. Funtsezkoa da esplizituki aitortzea emakumeek jasan zituzten kalteak emakume izateagatik. Sexu-indarkeria, haurren lapurreta eta umiliazioak jasan zituzten, baita prebentzio-zentroetan zein erreformatorioetan espetxeratzea ere. Senideak indarrez desagerraraztearen ondorio sozialak, ekonomikoak eta psikologikoak ere pairatu zituzten.


- Eta adierazpen-askatasuna zein biltzeko eta elkartzeko eskubideak baliatzeko bidegabeko mugarik ezartzen ez dela bermatu behar da.


Orain, Espainiako Gobernuak tramitazioa atzeratzea erabaki duenez, garaiz daude arazo horiek konpontzeko. Horrez gain, Eusko Legebiltzarrari eskatzen diogu Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen eztabaidari eta izapidetzeari berrekin diezaiola, gerra zibilean eta diktaduran, arrazoi politikoengatik, ideologikoengatik edota erlijio-sinesmenagatik jazarpena edo indarkeria jasan zutenen erreparazio morala eta oroimen pertsonal eta familiarraren berreskurapena sustatzeko.


Munduaren luze-zabalean mugimendu ultraeskuindarrak, autoritarioak, xenofoboak, homofoboak eta matxistak berpizten ari direla ikusten dugun une historiko honetan, Arabako gizarteari dei egin nahi diogu abertzale, sozialista, komunista, anarkista eta errepublikanoek defendatu zituzten memoria eta balioak berreskuratzeko eta bultzatzeko, pertsonen eta herrien askatasuna beti erdigunean jarriz.

 

Krisi sozioekonomiko berri baten aurrean gaudenez, ezin dugu onartu ondorioak betikoek ordaintzea. Pandemiak eragin duen giza eta ekonomia kostu handiak jendearen zerbitzura, eta ez negozioaren zerbitzura, dauden politika publikoak eskatzen ditu. Kalitatezko osasun publikoa behar dugu, industria-subiranotasunaren aldeko eta klima-aldaketaren aurkako neurriak, deslokalizazioari aurre egitea eta kalitatezko enplegua bermatzea, inolako genero-diskriminaziorik gabe. Horregatik, gure ekoizpen eta energia subiranotasuna bermatuko duen sektore publikoa eskatzen dugu. Horregatik, dei egiten diegu Arabako herritar guztiei, indar politikoei, sindikatuei eta gizarte mugimenduei elkartasunetik bat egin dezaten sektore publikoaren eta eskubide sozial eta demokratiko guztien aldarrikapenarekin zein defentsarekin. Memoria duen herria garelako, askatasun eta justizia sozialeko eszenatoki bat eraikitzen jarraituko dugu.

 


Inpunitaterik ez!

Aski da zigorgabetasuna!
Gora Araba antifaxista!

Parke fotovoltaiko berriak ezartzeko luzamendua defendatuko dugu bihar Arabako Batzar Nagusietan

Sortzen ari den kaosaren aurrean, bereziki Arabako Lautadan, eragile politiko sozial eta sindikatuekin lankidetzan plan bat adostu behar da.

| 2021-07-15 10:11:00

Parke fotovoltaiko berriak ezartzeko luzamendua defendatuko du bihar EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan. Interpelazioaren ondoriozko mozio bati esker eztabaidatuko da, bihar ikasturte politikoko azken osoko bilkuran. Eguzki-baratzeak jartzeko proiektuak ugaritzeak sortutako kaosa dela eta, bereziki Arabako Lautadan, EH Bilduren ustez, Arabako Foru Aldundiak energia berriztagarriak instalatzeko plan bat adostu behar da eragile politiko, sozial, ekonomiko eta sindikalekin lankidetzan.

 

Bien bitartean, EH Bilduk gainerako erakunde eskudunekin luzamendua adosteko eskatu du. Baina, batez ere, Arabako Foru Aldundiari eskatzen dio jarrera proaktiboa izan dezala nekazaritzako lurren eta lehen sektorearen alde. Era berean, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiten ari dela aprobetxatuz, nekazaritzako lurretan egin daitezkeen jarduera ekonomikoak antolatzea eskatu du EH Bilduk.

 

Bestalde, Foru Gobernuari eskatuko dio bide eraginkorrak ezar ditzala oposizioko taldeek, nahi badute, Araba Helburu prozesuan lan egiteko aukera izan dezaten. EH Bilduk gonbit hori zabaldu die Arabako eragile sindikal eta sozialei. Prozesuan parte hartuko duten adituak hautatzeko prozesuan parte hartu ahal izatea ere eskatu du, eta, horrela, pauso sendoak ematea eskatzen du lurraldeari eragiten dioten erabaki estrategikoak hartzeko baterako gobernantza-eredu berri bat bultzatzeko.

 

 

EH Bilduk Gizarte Zerbitzuetako foru diputatuari eskatu dio Axpurun Eguneko Arretarako Landa Zentroa irekitzen laguntzeko.

Bihar Emilio Sola zentroan izango da, Saileko beste ordezkariekin batera.

| 2021-07-13 11:45:00

Gizarte Zerbitzuetako foru diputatua, bere taldearekin batera, Axpuruko basozainaren etxe zaharra bisitatu aurretik, eraikin horretan Eguneko Arretarako Landa Zentro bat irekitzeko laguntza eta erraztasunak emateko eskatu dio EH Bilduk. Duela egun gutxi, Gizarte Zerbitzuen Batzordeak Asparrena, Donemiliaga, Barrundia eta Zalduondoko bizilagunei zerbitzua emango dien eraikina ezagutzeko aukera izan zuen. Baina, udal horiek behin baino gehiagotan salatu duten bezala Arabako Foru Aldundiak oztopoak bain ez ditu jarri eta tratu diskriminatzailea izatea leporatu diote.

 

Izan ere, Zerbitzu Sozialen Sailak ziurtatu du ez dagoela behar adinako eskaerarik eta sistematikoki ukatzen dituzte egin beharreko erreformetarako diru-laguntzak, 50.000 bat eurokoak direnak. Hala ere, Asparrengo, Donemiliagako, Barrundiako eta Zalduondoko udalek zentro hori irekitzeko borondate osoa erakutsi dute. Egon badago txosten tekniko bat, Gizarte Zerbitzuetako foru diputatuaren bertsioa gezurtatzen duena, eta ondorioztatzen duena zazpi eskaera sinatu direla dagoeneko zentro horretara joateko, abian jartzen denean.

 

Gaur egun 33 plaza daude Arabako Lautadan: 10 Asparrenan, 10 Agurainen eta 13 Dulantzin. Txosten horretan jasotzen denez, artatuko dituen lau udalen erroldan (Asparrena, Zalduondo, Donemiliaga, Barrundia) 65 urtetik gorako 436 pertsona daude. Horietatik 44k beteko lituzkete CRAD bat eskatzeko baldintzak, mendekotasunaren balorazioa eskatu ondoren. Aurkeztutako datuak kontuan hartuta, eta kontuan izanda CRAD zerbitzua “zerbitzu integratzailea, prebentziozkoa, laguntzakoa eta komunitarioa dela, adineko pertsonak beren gizarte-ingurunean egoteko joera duena”, txostenak ondorioztatzen du “egokia” dela Axpurun zentro berri bat abian jartzea, “kokapen ezin hobea baita erabiltzaileen beharrei erantzuteko”.

 

Ez da lehen aldia udalerri horietako ordezkariek zentro hori abian jartzeko eskatzen dutela. Duela gutxi Arabako Batzar Nagusietara joan ziren. Izan ere, 2019ko otsailean, Gizarte Zerbitzuen arloko arduradunek eraikina bisitatu zuten eta, bilera haren ondorioz, bainu batean hobekuntza txikiak egin, igogailua jarri eta altzariak erosi behar zirela erabaki zen. Horren guztiaren aurrekontua 50.000 euro ingurukoa da. Hala ere, Donemiliagako Udalak egindako eskaera eta errekerimendu guztiak ukatu egin dira, GOFEk eta Udalak eguneko zentro hori kudeatzeko hitzarmenik sinatu ez dutela alegatuz.

 

 

Egia, memoria, justizia eta erreparazioa frankismoaren biktimentzako aldarrikatuko dugu, Estatu-kolpearen 85. urteurrenean

Ahal Dugu-Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak alderdiekin batera, Kontzentrazioa deitu dugu igandean, uztailaren 18an, 12:00etan, Gasteizko Katedral Berriaren aurrean

| 2021-07-13 10:00:00

1936ko estatu-kolpe frankistaren 85. urteurrenean, EH Bildu, Ahal Dugu-Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak alderdiek berriro eskatuko dute Gasteizen egia, justizia eta erreparazioa. Bosgarren urtez jarraian, lau talde politikoek kontzentrazioa egingo dute Arabako hiriburuan, alde batetik, zigorgabetasuna salatzeko eta, bestetik, Arabako gizarteari dei egiteko, askatasunaren eta gizarte-justiziaren agertoki berria eraikitzen jarraitzeko.

 

Oraingoan, kontzentrazioa uztailaren 18an, igandea, izango da, 12:00etan, Katedral Berriaren aurrean, “Iragana Gogoan, Araba berria eraiki. Contra la impunidad franquista: verdad y justicia”,  lelopean. Kontzentrazio horretan, la alderdietako ordezkariek manifestu bateratu bat irakurriko dute.

 

Urteurren hori bat dator denboran Memoria Demokratikoaren Legearen aurreproiektua onartzearekin. Alderdi sinatzaileek behin eta berriz diote aukera bat izan behar duela egiaren, justiziaren eta konponketaren aitorpenean aurrera egiteko. Horregatik, nabarmendu dute egia ofizial bat sustatu behar duela, krimen frankisten ikerketari edozein oztopo kendu, biktimak erreparatu eta genero-ikuspegia txertatu, emakumeek jasandako errepresio-modu espezifikoak ikertu, zehatu eta konpontzeko. Madrilgo Gobernuak tramitazioa atzeratu izanak zirriborro horren gabeziak konpontzeko aukera eman behar duela esan dute.

 

Bestalde, ultraeskuinaren eta eraso xenofobo, homofobo eta matxisten gorakadaren aurrean, Arabako gizarteari dei egiten diote memoria eta defendatu zituzten balioak berreskuratu eta bultza ditzan. “Dei egiten diegu Arabako herritar guztiei, indar politikoei eta sindikatuei, gizarte-mugimenduei, elkartasunetik bat egin dezaten arlo publikoaren eta eskubide sozial eta demokratikoen aldarrikapenarekin eta defentsarekin. Memoria duen herria garelako, askatasun eta justizia sozialeko agertoki berri bat eraikitzen jarraituko dugu” jasotzen da adierazpenean.

 

Araba, 2021eko uztailaren 13an

 

ALBISTEAK

Argibideak eskatu ditugu Madrilen Arkamo eta Iturrietako zentral eolikoen izapidetze-egoerari buruz

2021-10-08 10:16:00

Eusko Jaurlaritzak proiektu horiei uko egiteko asmoa iragarri ondoren, EH Bilduk hainbat galdera erregistratu ditu Madrilgo Kongresuan, zein egoera administratibotan dauden argitzeko.

Zergen foru-arauetan moldaketak egitea proposatu du EH Bilduk, udaletatik ekitatea eta justizia soziala bultzatzeko

2021-10-07 13:55:00

Gehien kutsatzen duten ibilgailuek gehiago ordaintzea, eraikinen energia eraginkortasuna hobetzea eta Elizaren pribilegioak amaitzea dute helburu

Argantzongo Udalak ohartarazi du AHTren obrek ur hornidurarik gabe utz dezaketela udalerria

2021-10-07 10:10:00

Neurri zehatzak eskatzen ditu hornidura arazorik ez izateko, eta Ministerioak 2018an aurkeztutako alegazioei entzungor egin diela salatu du.

EH Bilduk ekoizpen eta kontsumo ereduaren eraldaketa, trantsizio energetikoa eta kalitatezko zaintzen sistema berreskuratzea ezarri ditu erronka gisa Araban

2021-10-02 10:51:00

Arabako Batzarra bildu da gaur Agurainen eta ikasturteko plan politikoa izan du hizpide