Desgaitasuna duten Aiaraldeko herritarrek Laudion dute laguntzadun etxebizitza bakarra eta, okupazio altua izateaz gain, ezin dute erabili Urduñako herritarrek, besteak beste
Araba. 2026-01-13 | EH Bilduk mozio bat erregistratu du Arabako eta Bizkaiko Batzar Nagusietan bi diputazioen arteko hitzarmena eskatzeko, lurralde bakoitzean desgaitasuna duten pertsonek elkarren baliabideak erabili ahal izateko.
Zehazki, mozioak erreferentzia egiten dio Urduñako kasuari: Aiaraldea eskualde naturalak Arabako zein Bizkaiko herriak barnebiltzen ditu, eta Laudion dute erreferentziazko baliabidea desgaitasuna artatzeko, baina urduñarrek ezin dute bertara joan Arabako Foru Aldundiaren menpeko zerbitzua delako. Beraz, Aiaraldearen berezitasuna dela eta, Bizkaiko udalerrietan bizi diren pertsonak daude, horrelako baliabideak behar dituztenak eta beren etxeetatik urrun artatzen dituztenak, eskualdean kokatutako Arabako baliabideak eskuratu ezin dituztelako.
Aurreikuspenen arabera, 2026an zehar irekiko dira Aiaraldean bizi diren desgaitasun intelektuala duten pertsonak artatuko dituen eguneko zentroa eta laguntzadun bi etxebizitza. «Gure ustez, zerbitzu horiek Laudion martxan jarrita, hurbileko baliabideak eskaintzeko aukera izango dugu, kolektibo horrek joan-etorriak egin beharrik izan ez dezan», adierazi dute EH Bildutik.
Horregatik, EH Bilduk hitzarmen bat eskatu du bi foru-erakundeen artean, Bizkaiko udalerrietako pertsonei baliabide horietan arreta eman ahal izateko, eta, horrela, Aiaraldean bizi diren desgaitasun intelektuala duten pertsona guztiei hurbileko arreta eskaintzeko.
Gaur Arabako eta Bizkaiko batzar nagusietan aurkeztu duten mozio bera onartu zen Urduñako udalean. Laudioko udalbatzak ere antzeko eskaera egin zuen, EH Bilduren mozioan oinarrituta.