Mozioak Trebiñun sortzen diren ekimen instituzional eta herrikoi guztiak babesten ditu, salbuespenezko egoera anakroniko baten aurrean integrazioa lortzeko
Araba. 2026-01-14 | Arabako Batzar Nagusiek mozio bat onartu dute gaur, lurraldearen parte izateko enklabetik sortzen diren ekimen instituzional eta herrikoi guztiak babesteko eskatuz. Mozioan Aldundiari eskatzen zaio egoera «ezohiko eta anakroniko» bati irtenbidea eman nahi dioten ekimenen deskalifikazio posibleen aurrean defentsa lana egiteko.
Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldeko bozeramaileak aukera hori aprobetxatzeko deia egin du, «aukera politikoaren leihoa dugu, pasatzen uzten badugu eta aprobetxatzen ez badugu, litekeena da datozen urteetan ez izatea», bozeramailearen arabera. Mozioak, halaber, Burgosko Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenen behin-behinekotasuna defendatzen du. Hitzarmen horien bidez, Trebiñuko herritarrek hainbat zerbitzu jasotzen dituzte. Ildo horretan, Lopez de Arroyabek esan duenez, «hitzarmenak mugarik gabe mantendu nahi dituztenek enklabean dagoen sakoneko eta egiturazko arazoa gehiago enkistatu nahi dute».
Mozioaren beste puntu bat da Burgosko Diputazio Probintzialeko lehendakariak eskubide historikoen eta autogobernuaren aurka egindako adierazpenak gaitzestea. Lopez de Arroyabek gogorarazi du presidenteak esan zuela okerrenaren beldur zirela, eta bozeramaileak esan du «berarentzat eta bereentzat okerrena dela herritarrek ahotsa izatea. Okerrena da Trebiñun bizi diren pertsonek beren etorkizuna libreki eta demokratikoki erabaki ahal izatea». Baina galdera bat bota nahi izan du: «Zer estatu-eredu jarriko da mahai gainean bloke erreakzionarioak planteatzen duen birzentralizazioari eta eskumen-galerari aurre egiteko? Eta, batez ere, eredu horretan, posible al da Trebiñuko herritarrek beren etorkizuna libreki eta demokratikoki erabaki ahal izatea?».
Mozioaren arabera, enklabea Araban integratzeko prozesuari berehala ekin behar zaio eta egungo Akordio Morkoaren indarraldian zehar konpondu behar da. Gainera, onartutako mozioa Diputatuen Kongresura, Eusko Jaurlaritzara, Gaztela eta Leongo Juntara, Burgosko Diputazio Probintzialera eta Trebiñu eta Argantzongo udaletara bidaltzea erabaki dute.
«Trebiñuk mapa geografikoaren, osasun-maparen, eskola-maparen eta unibertsitate-maparen barruan egon behar du, baita nekazaritza-maparen barruan ere, eta, nola ez, Arabako mapa sozioekonomikoaren barruan; bestela, oinarrizko eskubideak ukatuko ditugu, baina, batez ere, giza eskubideak eta kide izateko eskubideak». «Garaipen handia litzateke Trebiñurentzat, baina batez ere Arabarentzat», amaitu du Eva Lopez de Arroyabek.