AKTUALITATEA


| 2026-01-15 17:06:00

Arabatik kanpoko larrialdietara boluntario gisa joaten diren suhiltzaileek beren borondatez kudeatzen dituzte irteera horiek, inolako protokolorik gabe

Araba. 2026-01-15 | Arabako Batzar Nagusiek ezohiko larrialdiei aurre egiteko protokoloa osatzeko eskatu diote Foru Aldundiari, orain arte ez baitzegoen halakorik. Hala, Arabako Batzar Nagusiek Arabako Foru Suhiltzaileen Erakunde Autonomoari eskatu diote, bi hilabeteko epean eta langileen ordezkariekin negoziatuta, ezohiko larrialdi guztien aurrean, Iaguntza-eskaerei erantzuteko protokoloa osatu dezala. Jatorrizko mozioa EH Bilduk aurkeztu zuen, baina gaur onartu dutena EH Bildu, EAJ eta PSEren artean adostu dute.

Baso-suteek Iberiar Penintsula suntsitu zuten iazko udan, eta gure lurraldean ia islarik izan ez zuten arren, Arabako suhiltzaileek su horien itzaltze-lanetan parte hartu zuten. Ez zen lehenengo aldia horrelako elkartasun keinua zutela Arabako Suhiltzaileen Foru Erakundean lan egiten duten suhiltzaileek. Ezagunak dira suhiltzaile horiek munduko beste hainbat txokotan egindako lanak.

EH Bildu Arabak egindako galdera batzuen bitartez jakin zuen ezohiko larrialdi horietan parte-hartzea ez duela Suhiltzaileen Erakunde Autonomoak kudeatzen, baizik eta zenbait suhiltzailek, maila pertsonalean eta borondatez. Horren aurrean, EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozio bat aurkeztu zuen halako larrialdietako laguntza-eskaerei erantzuteko protokoloa eskatuz.

«Larrialdi klimatikoko testuinguruan, suhiltzaileen foru erakundeak indar berezia egin behar du suteen prebentzioan eta itzalketan, tamalez gero eta ohituago egongo garelako joan den udako suteen antzekoak ikustera», adierazi du Xabier Valdor EH Bildu Arabaren batzarkideak Berdintasuna, Euskara eta Gobernantza Batzordean. «Harritzekoa da halako lanak ez egotea protokolizatuta: protokolo bat behar-beharrezkoa da ohikoak ez diren edota handiegiak diren larrialdi-egoeretarako, hala nola Iberiar Penintsulako suteak, Lea enpresako eztandaa edota Elgeako sutea, hau da, Arabako zein Arabatik kanpoko gertaerak, dauden dotazioak nahikoak ez direnean».