AKTUALITATEA


| 2020-04-29 10:42:00

COVID 19k udalerriko sare sozioekonomikoan daukan eraginaren aurrean, Zuiako Udala hartuemanetan ari da langile autonomoekin, merkatariekin, ostalaritzako profesionalekin (taberna, jatetxe, hotel eta landetxeetakoak), eta Zuian lan egiten duten tailer txikien eta zerbitzuak ematen dituzten beste establezimendu batzuen arduradunekin. Gauza bera egingo du, datozen egunetan, udalerriko enpresa txiki eta ertainen (ETEen) jabeekin. Eta jendeari irekitako lokalik ez duten autonomoen kasuan, berarekin harremanetan jartzeko deia egin du udalak, azuia.general@ayto.araba.eus e-posta helbidearen bidez.
"Helburua da bertatik bertara ezagutzea zer egoera bizitzen ari diren, zer nolako beharrak dituzten eta zailtasunak gainditzeko zer neurri beharko lituzketen", azaldu du Unai Gutierrez Urkiza alkateak.
Jasotako proposamenetatik abiatuta, beti ere udalaren aukerak eta eskumenak kontuan hartuta, udalak laguntzak diseinatuko ditu, egoera gainditzen laguntzeko.
"Zuiako Udalak egoera ekonomiko ona du, kudeaketa eraginkor eta arduratsuaren ondorioz. Une honetan, soberakin hori gure herritarrei laguntzeko erabili behar dugu", gaineratu du alkateak.
 
Erantzun komunitarioa
Ekimen hau, Zuiako Udala COVID 19ari komunitate bezala aurre egiteko egiten ari den lanaren testuinguruan dago. Izurritearen hasieratik, etengabeko harremana du Oroko Ama Birjinaren eskolako zuzendaritzarekin, familiei arreta emateko orduan koordinatzeko, eta ikastetxeak eskaini ezin dituen zerbitzuak garatzeko ere; adibidez, ikasleen etxebizitzetara eskola-materiala eramateaz arduratu da udala.
Era berean, harreman zuzena dauka udalerrian dauden adinekoentzako 3 egoitza pribatuekin, dituzten premiekin lagundu ahal izateko, egoitzen eta adinekoen egoera onari eusteko.
Alokairu sozialeko etxebizitzei dagokienez, martxoko eta apirileko errenten ordainketak atzeratu egin dira. Beharrezkoa izanez gero, maiatzean ere aplikatuko litzateke neurria. Zorra zatikatu egin da, aurtengo bigarren seihilekoan ordainketak errazteko. Gainera, deialdi bat prestatzen ari da etxebizitza sozial horietan bizi diren eta ABEEEak (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak), lan-kaleratzeak edo lan egiteko ezintasuna izan dituzten familiek udalari alokairua ordaintzeko laguntza ekonomikoa eska diezaioten.
Azkenik, alarma egoeraren hasieran eta familien ekonomia arintzeko asmoz, Zuiako Udalak udal tasa eta zergen ordainketa atzeratzeko dekretu bat onartu zuen. Martxokoak eta apirilekoak ez dira igorri, eta egutegi berri bat ezarri da, hilean zerga edo tasa bat baino gehiago ez igortzeko (ekainaren 1etik aurrera, ibilgailuena; uztailaren 1etik aurrera, 2019ko azken seihilekoko zaborrarena eta urarena; abuztutik aurrera, beste zerga batzuk; hala nola OHZa, Hondasun Higiezinen Gaineko Zerga).