AKTUALITATEA


| 2026-03-25 10:13:00

Obra Txikien arauak aukera ematen du toki entitateek egin behar dituzten lan txikiei erantzun azkarragoa emateko, eta Tokiko Ogasunen araua aldatuta, autonomia finantzario handiagoa emango zaie kontzejuei

Araba. 2026-03-25 | Arabako Batzar Nagusien osoko bilkurak EH Bildu Araba batzarkide taldeak aurkeztutako bi proposamen onartu ditu gaur: alde batetik, lurraldeko toki entitateetan obra txikiak egiteko programa arautzen duen foru araua puntualki aldatzeko proposamena aurkeztu zuen EH Bilduk, eta bestetik, toki ogasunak arautzen dituen foru araua puntualki aldatzeko proposamena.

Obra Txikiak Egiteko Programa 2008an sortu zen, Arabako Foru Aldundiaren eta lurraldeko toki erakundeen arteko lankidetza sustatzeko, eta herriek behin eta berriz egindako eskariari erantzuteko. «17 urte igaro ondoren, EH Bildun uste dugu Araua aldatzeko unea dela, programaren hasierako filosofia galdu gabe, diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa eta diruz lagundu daitezkeen obren tipologia eguneratzeko», esan du Javier Argote EH Bilduren batzarkideak. «Izan ere, une honetan, herrientzako obra txikien dirulaguntzarik gabe, ezinezkoa da dauden beharrei erantzutea, eta are gutxiago herrien bizi-kalitatea hobetzeko oinarrizko eta beharrezko obra askori ekitea».

Tokiko Ogasunen Foru Araua aldatzeko proposamena ere onartu dute Batzar Nagusiek. Zehazki, EH Bilduk proposatu zuen udal jabari publikoa erabiltzeagatiko tasan telefonia mugikorraren salbuespena kentzea, salbuespen hori «anakronikotzat» jotzen baitu. EH Bilduren ustez, aldaketa horri esker, toki entitateek diru-sarrera bat izan ahal izango dute azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko, komunitatearen onerako.

Taldeko bozeramaile Eva Lopez de Arroyabek adierazi du «ulertezina» dela gaur egungo ikuspuntutik Toki Ogasunak Arautzen dituen Foru Arauak telefonia mugikorreko zerbitzuen salbuespena aintzat hartzea. Lopez de Arroyabek nabarmendu duenez, «gaur egun, salbuespen hori pribilegio bihurtu da telefonia enpresa handientzat, eta EH Bilduk uste du ez duela inolako zentzurik».

Gaurko tramitea gaindituta, datozen asteetan, gainerako batzarkide taldeek ekarpenak egiteko aukera izango dute, eta ekarpenak dagokion batzordean bozkatu beharko dira. Azkenik, arau-aldaketa hori Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran berretsi beharko da. «Kontzejuen autonomia bermatzea da EH Bilduren lanaren ardatzetako bat, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak baitira. Horregatik, datozen asteetan toki entitateen finantzazioa hobetzera bideratutako ekimen gehiago aurkeztuko ditugu», amaitu du Eva López de Arroyabek.