Urtarrilean, ia hogei udal eta kuadrillak Foru Aldundiari eskatu zioten erantzukizuna bere gain hartzeko eta herrietan zerbitzu hori behar bezala emateko beharrezko neurriak hartzeko
Araba. 2026-03-26 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak, papera eta kartoia biltzean izandako arazo andanaren aurrean, bilketa horrek ematen dituen arazoen berri Foru Aldundiari helarazteko aplikazio informatiko bat sortzea eskatu du mozio bidez.
Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaileak azaldu duenez, «paper eta kartoi edukiontziak biltzea udalen eskumena da, baina 2004an hitzarmena sinatu zen Arabako Foru Aldundiarekin, zerbitzua bere gain har zezan. Eta horrela izan da harrezkero: Arabako Foru Aldundiak kontratatzen du zerbitzu hori, eta hari dagokio behar bezala gauzatzen dela ziurtatzea», baina «badira gutxienez bi urte, zerbitzua oso modu eskasean garatzen ari dela eta kalte handia eragiten ari zaiela Arabako udalerri guztiei».
Egoera horren aurrean, 2025eko udaberrian, Arabako Foru Aldundiak zerbitzuaren enpresa esleipendunari egotzi zion erantzukizuna, baina kontratua beste enpresa bati esleitu bazitzaion ere, arazoa ez da konpondu. Joan den urtarrilean ia hogei udalek eta kuadrillak eskatu zuten, besteak beste, AFAk bere erantzukizuna bere gain hartzea eta udalerrietan zerbitzu hori behar bezala garatzeko beharrezko neurriak hartzea, eta Udalekin elkarrizketa iraunkorra izatea, zerbitzuaren egoerari eta garapenari buruzko informazio eguneratua emateko.
EH Bildu batzarkide taldearen galderei erantzunez, Saray Zarate diputatuak aitortu zuen enpresak ez zituela bete edukiontzien bilketaren maiztasunari eta edukiontzien konponketari buruz kontratuan ezarritako klausulak. Eta ez hori bakarrik, EH BIlduk kontzejuek, udalek eta kuadrillek bilketarekin izandako arazoen inguruko kexa eta erreklamazioak eskatu zituen eta gutxi batzuk baino ez zitzaizkion helarazi, baina EH Bilduk «badaki helarazitakoa baino gehiago direla».
«Jasotako erantzunetatik ondorioztatu daiteke, Zarate andereak zuzentzen duen saila ez dela gai lurraldearen egungo egoera sistematizatzeko eta monitorizatzeko, eta hori benetan kezkagarria iruditzen zaigu. Izan ere, arazoaren tamaina argi izan gabe, ezinezkoa da behin betiko konponbide eraginkor bat ematea», esan du Lopez de Arroyabe bozeramaileak.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduk osoko bilkuran eztabaidatzeko mozioa aurkeztu du, Arabako Foru Aldundiari eskatuz «hiru hilabeteko epean, aplikazio informatiko bat (App) diseinatu eta ezar dezala, herritarrek, kontzejuek, udalek eta kuadrillek erraz eta intuizioz transmititu ahal izan ditzaten papera eta kartoia biltzearekin eta edukiontziak mantendu eta ordeztearekin lotuta gertatzen diren gorabeherak».