AKTUALITATEA


| 2021-11-30 09:55:00

Zalduondoko Udalak datorren urteko kontuak onartu ditu gaur. Aurrekontu hori aurreko 2021ekoaren hirukoitza da eta 1,4 milioi euro izango ditu guztira. Aurrekontuaren zati handi bat (1,2 milioi euro) inbertsioetarako erabiliko da; besteak beste, honako hauek bultzatuko dira: bolatokia zaharberritzea, sareak lurperatzea, biomasa-galdara bat instalatzea eta “maisuen etxean” alokairuko etxebizitzak egiteko proiektua.

Azpiegiturei dagokienez, 717.000 euro erabiliko dira herriko hegoaldeko sareak lurperatu eta urbanizatzeko lehen faserako. 220.000 euro Zumarraundiko bidea konpontzeko bigarren faserako eta 28.000 euro ur biltegiko sarrera hormigoia jartzeko,  bizilagunen arteko harremanak sustatzeko programaren barruan.

Bestalde, aurten bolatokia birgaitzeko azterlan bat egin da, bere kokaleku estrategikoaz baliatuta, Done Jakue Bideari, Aitzgorri-Aratz parkeari eta Lautada zeharkatzen duten bizikleta-ibilbideei lotutako harrera- eta informazio-gune bat sortzeko. 2022. ekitaldirako 220.000 euro gordeko dira bolatokia eta ondoko eraikina zaharberritzeko lanak egiteko.

Klima-aldaketaren aurkako borrokaren arloan, Zalduondok biomasa-galdara bat jarriko du Udalaren instalazioetan, 30.000 euroko aurrekontuarekin.

Diru-laguntzen kapituluan, Zalduondoko Elkarteari 2.500,00 euroko diru-laguntza emango zaio, tradizioak, herri-jaiak eta herri-erromeriak sustatzeko eta udalerriko tradizio etnografiko kulturalak berreskuratzeko, hala nola, landa-inauteriak.

Gustavo Fernandez Villate zinegotziak adierazi duenez, “Zalduondo udalerri txikia da eta baliabide mugatuak ditu, baina, hala ere, erronka handiei aurre egin beharko die, hala nola jendegabetzea eta klima-aldaketa. Alde horretatik, oso aktiboak izan gara finantziazio-bideak bilatuz, eta gure bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko beharrezko inbertsioei ekiteko behar adina diru-sarrera ditugu”.