Senideen 40 kexa erregistratu ondoren, EH Bilduk egoerari buruz galdetuko dio gizarte politiketako diputatuari, Aldundiak ezarri dituen konponbideak ezagutzeko
Araba. 2026-09-21 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Gizarte Politiketako diputatuari zuzendutako hainbat galdera erregistratu ditu gaur, Ajuria egoitzako erabiltzaileen senideek adinekoen logeletan hautemandako tenperatura altuengatik 40 kexa jaso dituztela jakin ondoren.
Erabiltzaileei eta langileei kalte egiten dien egoera hori ez da berria; izan ere, emakume langileek diotenez, hiru urte daramatzate gaia aztertzen lan-osasunari buruzko bileretan. Ekainean muturreko tenperatura horiek jasotzen zituen dosier bat aurkeztu zuten, eta egoerari aurre egiteko plangintza bat behar dela uste dute.
Claudia Venceslao EH Bilduko batzarkidea kezkatuta agertu da egoerarekin: «Uda hasieran eta lehen bero boladarekin batera, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko (GOFE) Langileen Batzordeak foru egoitzetako tenperatura altuak salatu eta tenperatura egokia bermatzeko neurri falta mahai gainean jarri zuen. Uda pasata, jakin dugu foru-egoitzetako familien kexen berri eta Langileen Batzordeak Lan Ikuskaritzari egindako salaketaren berri, azken hilabete hauetan jasandako tenperatura altuengatik».
Hori dela eta, EH Bilduk Gizarte Politiketako diputatuari galdetuko dio zer neurri hartu dituen Foru Aldundiak Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen egoitzetan tenperatura baldintza egokiak bermatzeko eta egoiliarrak eta profesionalak estres termikoko egoeren eraginpean ez egoteko. Etorkizunari begira, EH Bilduk jakin nahi du, baita ere, zer balorazio egiten duen Aldundiak egindako jarduketei buruz, eta zer neurri estruktural hartzea aurreikusten duen tenperatura altuak berriro arazo bihur ez daitezen egoiliarren osasunerako, atsedenerako eta ongizaterako eta egoitzetako langileen segurtasunerako.