AKTUALITATEA


| 2020-03-31 11:14:00

Urkabustaizko Udalak babesik gabeko familiei laguntzeko diru saila aktibatu du, Coronavirusak sortutako osasun pandemiaren ondorioz udalerrian gertatu diren zaurgarritasun kasuei aurre egiteko. Hala eskatu dute Gorbeialdeko Kuadrillako gizarte-zerbitzuek; azken horiek modu telematikoan lan egiten baitute alarma-egoera deklaratu zutenetik.

 

3.000 euroko partida da, baina behar izanez gero, handitu daiteke. Duela hiru urte sortu zen, eta ez da beti erabiltzen. "Bestelako laguntzak eskuratzeko aukerarik ez duten eta muturreko behar egoera duten pertsonei erantzun arina eman nahi diegu, beti ere gizarte langilearen iradokizun eta txostenei jarraituz", azaldu du Xabi Alavarez de Arcaya Urkabustaizko alkateak.

 

Bestalde, Urkabustaizko Udalak lankidetza estua du beharra duten pertsonentzako laguntzeko udalerrian sortu den herritarren sarearekin. Alvarez de Arcayak azaldu duenez, whatsapp talde bat sortu da, eta bertan, saltokien bidez, adineko pertsonei edo mugikortasun arazoak dituztenei erosketak egiten laguntzen zaie. Murgian dagoen Eguneko Arretarako Landa Zentroko sei erabiltzaileei bereziki eskaintzen zaie, zentro horrek ateak itxi zituen eta.

 

Gainerakoan, Urkabustaizek modu telematikoan edo telefonoz artatzen ditu bertako bizilagunak martxoaren hamahiruaz geroztik. Gainera, bere instalazioak itxita mantentzen ditu, hala nola Kultur Etxea, Jubilatuen lokala edota frontoia.

 

Urkabustaizko baserritar askok etxe ondoan edo mendian abereak dituztenez, Urkabustaizko Udaletik gogorarazi dute Aldundiak ematen duen animalien erregistroa, kartilla berdea edo abeltzain txartela eraman behar dela beti. Animaliak zaintzeko autoz edo traktorez joan behar izanez gero, pertsona bakarra joan daiteke, eta ezin dela egon behar baino denbora gehiago.

 

Azkenik, Urkabustaizko alkateak herritarrei gogorarazi die etxean egon behar dela, eta dei egin die auzokideei adineko pertsonak bereziki zaintzera, koronabirusaren aurrean ahulenak baitira.