AKTUALITATEA


| 2025-06-03 10:28:00

Agrupación Independiente Condado de Treviño, EAJ-PNV eta EH BILDU talde politikoetako ordezkariak, Argantzongoak zein Trebiñukoak, bildu gara gaur hemen, Trebiñuko Enklabea Araban Integratzeko Mahaiaren sorrera iragartzeko.


Enklabeko bi udalerrietako talde politikoen ordezkariek sortutako mahaia da, Trebiñuko Enklabea Arabako Lurralde Historikoan integratzearen alde lan egitea eta urrats sendoak ematea helburu duena.


Horretarako, gaur eratuko dugun mahai honek honako eginkizun hauek izango ditu:



              • Trebiñuko Enklabearen egoera orokorra aztertzea, baita Trebiñuko Enklabeko udalerrien egungo administrazio-egoerak eragindako mota guztietako bidegabekeria guztiak ere.


              • Arabako Lurralde Historikoan integrazio eraginkorra lortzeko planak eta proiektuak egitea.


              • Lankidetza bultzatzea Trebiñuko Enklabeko erakunde eta gizarte-eragile guztiekin.


              • Trebiñuko Auzian inplikatutako erakunde eta eragile guztiekin elkarrizketa koordinatua.


              • Herritarren parte-hartzea eta gizarte-aktibazioa sustatzea Trebiñuko Enklabe osoan.


Horretarako, sinatu berri dugun lan-mahaiaren funtzionamendu-araudia idatzi dugu.


Ekimen honen bidez, Enklabea Araban integratzearen aldeko lana bultzatu nahi dugu. Gure ustez, aldarrikapen historiko horrek enklabeko herritarren gehiengoaren apustu nagusia izaten jarraitzen du, askotan erakutsi duten bezala. Horrekin batera, bi udalerriek norabide horretan urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa eta borondatea adierazi nahi dugu, gure Enklabeko gizarte-eragileekin lankidetzan.


Gaur osatuko da mahai hau Agrupación Electeroal Condado de Treviño, EAJ-PNVko eta EH BILDUko ordezkariekin. Baina beste sentsibilitate politiko batzuk batu ahal izango zaizkion organo bizia izan dadin nahi dugu, ziur baikaude Trebiñuko Enklabea Arabako Lurralde Historikoan integratzearen alde lan eginez bakarrik bermatu ahal izango dugula gure bizilagunak ez sentitzea kaltetuak gure auzokideen borondateari erantzuten ez dion egoera politiko eta administratibo arkaiko honengatik.


Ildo horretan, gaur sortu den organo honetan parte hartzeko gonbidapena egiten diegu berriro gainerako talde politikoei, Arabako Enklabearen integrazio administratiboa lortzearekin zerikusia duten ekintza guztien lankidetza, kontraste, hausnarketa, erabakimen, koordinazio eta jarraipenerako organo bihurtzeko.