AKTUALITATEA


| 2025-07-22 09:35:00

EH Bilduk eta Foru Gobernuak adostutako programa aurrekontuen itunean jasota dago, toki entitateek etxebizitzak erosi edo birgaitu ditzaten, alokairu sozial edo babestura bideratzeko

Araba. 2025-07-22 | EH Bilduk Foru Gobernuarekin 2025eko ekitaldirako lortutako aurrekontu-akordioak fruituak ematen jarraitzen du: Gobernu Kontseiluak gaur onartuko duen deialdiaren bitartez, toki-erakundeak finantzatuko dira etxebizitzak erosteko eta birgaitzeko, alokairu sozial eta/edo babestuko erregimeneko etxebizitzetarako.

Kasu honetan, Arabako gizartearen kezkarik handienetako bati erantzun nahi zaio, hau da, etxebizitza eskuratzeari, Araba(n) Bizi Bedi izeneko programaren bidez. EH Bilduk proposatutako eta aurrekontu-itunean jasotako programa da Araba(n) Bizi Bedi, 3.950.000 euroko zuzkidurarekin, herriak eragile aktibo izan daitezen bizitegi-arazoa konpontzeko, eta lurraldeko toki-erakundeei aukera emango die etxebizitza soziala sortzeko. Gainera, programak datozen urteetarako garapena aurreikusten du kreditu konpromisoen bitartez, 10,5 milioi eurora iritsi arte.

«Akordio honi esker, Arabako Foru Aldundia eragile aktibo bihurtuko da, lehen aldiz, Toki Entitateekin elkarlanean, landa-eremuan etxebizitzak sustatzeko, biztanleak herrietan gera daitezen laguntzeko eta Arabako etxebizitzaren arazo globala konpontzeko», adierazi du Eva Lopez de Arroyabek EH Bildu Araba batzarkidearen bozeramaileak.

Lopez de Arroyabek nabarmendu duenez, «guretzat etxebizitza funtsezko zutabea da bizitza duinak eraikitzeko, eskubidetzat hartu behar da eta, horregatik, lanean jarraituko dugu edonork etxebizitza eskuratzeko aukera izan dezan. EH Bildun uste dugu beharrezkoa dela babes sozialeko mekanismoak aktibatzea etxebizitzaren larrialdiaren aurrean. Etxebizitza izateko eskubidea bermatzeko eta dagoen eskariari erantzuteko neurriak hartu behar dira, etxebizitzaren funtzio soziala ardatz hartuta. Laburbilduz, uste dugu beharrezkoa dela interes soziala errentagarritasunaren gainetik jartzea».

June Mugica EH Bildu Arabako batzarkideak eman ditu deialdiaren xehetasunak. Programak hiru dirulaguntza lerro izango ditu: etxebizitzak erostea alokairu sozial eta/edo babestuan esleitzeko, etxebizitzak eta/edo zuzkidura-bizitokiak birgaitzea, alokairuko gazteen emantzipazioari laguntzeko, eta alokairu sozial eta/edo babesturako etxebizitzak birgaitzea. Dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte 20.000 biztanletik beherako udalerrietan kokatutako Arabako toki-erakundeek. Horrekin batera, «dirulaguntza handiagoa jasotzeko aukera izango dute efizientzia energetikoa kontuan izango duten birgaitze lanek. Irizpide berari jarraituko zaio despopulazio arrisku handieneko egoeran dauden herrien kasuan. Horretaz gain kontuan hartuko da alokairuaren prezioaren batez besteko igoera udalerrian, eta egingo diren etxebizitza kopurua».

Lopez de Arroyabek esan duenez, «landa eremuan etxebizitza sustatzea ezinbesteko elementua da Araba bizi eta kohesionatu bat lortzeko bidean: ingurunearen beharretara eta aukeretara egokitutako kalitatezko etxebizitza-politika behar dugu, herri txikiak ohiko bizileku gisa erakargarri egingo dituena, espekulazioa saihestuko duena eta gazteak landa-ingurunera erakarriko dituena. Modu horretan lortuko dugu herrietako biztanleria mantentzea eta handitzea».

«Neurri hauekin merkatu-logika gainditu nahi dugu, eta administrazio publikoek prozesu hori gidatu dezaten bultzatu nahi dugu, Arabako gizarteak une honetan duen kezka handiena konpontzeko helburuarekin», ondorioztatu du Eva Lopez de Arroyabek.