AKTUALITATEA


| 2025-07-17 07:50:00

Xabier Valdor EH Bildu batzarkide taldeko koordinatzaileak adierazi duenez, «ekainaren 17an EHAAn argitaratutako proiektu berriak EH Bilduk hasieratik errefusatu zituen planteamendu berak ditu»

Gasteiz. 2025-07-17 | Joan den ekainaren 17an argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Deskarbonizazio Sailak Deskarbonizazio zuzendariaren 2025eko martxoaren 4ko iragarkia. Iragarki horren bidez, jendaurrean jarri ziren «Solaria Zierbena Solar 2», «Solaria Zierbena Solar 3» eta «Solaria Zierbena Solar 4» eguzki-planta fotovoltaikoen eta ebakuazio-azpiegitura komunen aurretiazko administrazio-baimenaren eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaerak. EH Bilduk uste du «indarrean jarraitzen dutela, ez bakarrik proiektu horien jatorrizko bertsioaren aurkako gure jarrera adieraztera eraman gintuzten elementu guztiek, baizik eta horri informazio berriak gehitu behar zaizkiola, proiektu horiek are indar handiagoz baztertzera garamatzatenak».

Hasiera-hasieratik, EH Bilduk Solaria Zierbena Solar 2, 3 eta 4 proiektuak eta Zierbenarako ebakuazio-lineari lotutako gainerako proiektuak arbuiatu zituen, bi arrazoi nagusirengatik: «Lehenik eta behin, irrazionala iruditzen zitzaigulako 100 kilometroko ebakuazio-linea bat eraikitzea Zierbenaraino, Araban kokatutako zentral fotovoltaikoetan sortutako energia husteko, eta, bigarrenik, Zierbenako 4 eta Zierbenako 3 zentral fotovoltaikoak, gutxienez, Balio Estrategiko Handiko Nekazaritza eta Abeltzaintzako lurretan kokatzen zirelako, eta, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren Aurrerapenean jasota dagoenez, mota horretako instalazioak kokatzeko baztertze-eremutzat hartu behar direlako lur horiek».

Orduz geroztik, argitaratutako hainbat informaziok indartu egin dute «proiektu honek trantsizio energetikoko eta gure ehun sozio-ekonomikoaren deskarbonizazioko helburuekin zerikusi gutxi duelako susmoa». Informazio kezkagarri horietako lehena Solaria enpresari Zierbenako azpiestazioan 1.600 MW ebakuatzeko lizentziarekin lotuta dago. Informazio horrek Zierbena Solar 32 proiektu garatzeko helburua berresten du, eta horietatik Solaria Zierbena Solar 2, 3 eta 4 «icebergaren punta» baino ez lirateke izango. Proiektu horiek garatuz gero, 3.000 hektarea inguru okupatuko lirateke Arabako Lurralde Historikoan, «inolako antolamendurik eta plangintzarik gabe, enpresa sustatzailearen eta lurren jabeen borondateaz haraindi».

Baina, hori gutxi balitz bezala, azken informazioen arabera, Solariari lizentzia eman zaio Araban edo inguruan 500 MW-rainoko hipereskalako datu-zentro bat instalatzeko. «Solariaren helburua trantsizio energetikoan laguntzea baino, Araban milaka hektarea okupatzea delako susmoak elikatzen dituzte albiste horiek, hau da, planta fotovoltaiko horiek Hipereskalako Datu Zentroen behar energetikoak elikatuko dituen energia sortzeko izango direla».

Horren guztiaren ondorioz, EH Bildu Arabak irmotasun handiagoz adierazi du Zierbena Solar 2, 3 eta 4 proiektuak, Zierbenako ebakuazio-tentsio oso altuko lineari lotutako gainerako proiektuak eta gure lurraldean plantea daitezkeen Hipereskalako Datu Zentroak gaitzesten dituela.

Nolanahi ere, EH Bilduk berriro adierazi nahi izan du trantsizio ekosozial justu eta ordenatu baten aldeko konpromisoa, onartu berri den Bizigintza ponentziak agerian uzten duen bezala. Bertan, beste eraldaketa askoren artean, berriztagarriak eskala guztietara hedatzea aurreikusten da. Hedapen hori, EH Bilduren iritziz, helburu argi eta partekatuetan oinarrituta egin behar da, modu ordenatu eta planifikatuan, kontrol publikoarekin eta tokiko komunitateen parte-hartzearekin.