AKTUALITATEA


| 2025-07-18 18:32:00

Eskuin muturraren oldarraldiaren aurrean, Arabako gizarteari dei egiten diote balio nagusiak elikatzeko eta babesteko, hala nola berdintasuna, justizia, elkartasuna, feminismoa edo aniztasuna.

 
Gasteiz. 2025.07.18. EH Bildu, Podemos Euskadi, Ezker Anitza-IU, Berdeak EQUO eta Sumar Mugimendua alderdiek matxinada militarra gaitzesteko eta errepublikar klabean prozesu herrikoi eta demokratiko bat abiarazteko elkarretaratzea egin dute gaur, koalizio errepublikanoaren gobernu legitimoaren aurka bultzatutako estatu-kolpe militarraren 89. urteurrenean. Ekitaldian bost alderdietako ordezkariek parte hartu dute, eta botere egiturak demokratizatzeko eta zigorgabetasunaren eta ustelkeriaren aurka egiteko izaera plurinazionaleko bloke historiko aurrerakoi bat eratzea eskatu dute.


Ildo horretan, bloke horrek Estatua bere alor guztietan demokratizatzeko zeregina bere gain hartu behar duela uste dute, Estatuaren errealitate plurinazionala aitortuz, gutxiengoak errespetatuz, herritarren askatasunak eta eskubideak bermatuz eta Estatu zein Europa mailako fronte antifaxista bat artikulatuz, herri-klaseentzat erabateko alternatiba demokratiko eta ilusionagarria sortuko duena.


Era berean, Arabako gizarteari dei egin diote imajinario kolektiboan errotuta dauden gehiengoaren balioak elikatu eta babes ditzan, herritarren lanaren eta borroka sozial, sindikal eta politikoko hamarkaden bidez. Berdintasuna, justizia, elkartasuna, feminismoa edo aniztasuna bezalako balioak, Araban eta Euskal Herri osoan gehiengo handia izateaz gain, antidotorik onenak dira eskuin muturrak maila globalean zein Estatu Espainiarrean antolatutako oldarraldiaren aurrean.


Izan ere, arratsaldeko kontzentrazioaren deitzaileek berretsi dutenez, 1978an ez zen erregimen frankistarekiko hausturarik izan, eta ez zen Estatuko erakunde eta botereen demokratizazio-prozesurik egon. Horrek, ustelkeria sistemikoa utzi du oinordetzan. Horri esker, botere politiko, ekonomiko, judizial eta komunikabideetako elite oligarkiko eta ustelek ez dituzte erantzukizunak argitu edo kalte-ordainei aurre egin behar izan. Horrek agerian uzten du ustelkeria ez dela kasu isolatua, baizik eta 78ko Erregimenaren sistema-politikoaren berezkoa dela eta demokratizazio sakon bat lortu arte ez dela onbideratuko.


Ildo horretan, gogora ekarri dute 36ko estatu-kolpearen, eta 40 urteko diktadura, jazarpen, eta askatasunik eta justiziarik ezaren osteko hamarkadetan ahanztura eta bidegabekeria nagusitu direla, eta gaur egun krimen horien zigorgabetasunak bere horretan dirauela. Horregatik, nazioarteko printzipio hauek betetzea eskatu dute: egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak.