AKTUALITATEA


| 2023-01-24 11:44:00

Araba. 2023-01-24 | EH Bilduren ekimenez, komunitate energetikoen aldeko mozioa onartu du Trebiñuko Udalbatzak, EAJren CDCren eta AITCren aldeko botoekin; PP abstenitu egin da.

Mozioan trantsizio energetikoa egiteko konpromisoa hartu du udalbatzak eta, ildo horretan, trantsizio horretan aurrera egiteko komunitate energetikoek duten potentziala aitortzen du. Hala, udalerrian komunitate energetikoak sustatu eta babesteko konpromisoa hartu du Trebiñuko Udalak.

Horrekin batera, udal eraikinetan plaka fotovoltaikoak ipintzeko konpromisoa hartu dute, eta energia berriztagarrien sistemak dituzten etxebizitza eta eraikinetarako IBIaren % 50eko hobaria ezartzea adostu dute. Neurri hori bera aplikatuko zaie komunitate energetikoetan parte hartzen duten eraikinei.

Ritxar Astegieta EH Bilduren Trebiñuko zinegotziak gogora ekarri du legeak ezartzen duela erakunde guztiek hartu behar dituztela neurriak energia aurrezteko, eta horien oinarria izan behar direla «energia-eraginkortasuneko neurriak bultzatzea, energia aurreztea, energia berriztagarriak sustatzea eta ezartzea eta energia-subiranotasuna areagotzea».

«Eredu energetiko berri baten aldeko interesa eragile askok partekatzen dute, eta energia berriztagarrietan oinarritutako ekimenak jartzen ari dira abian subiranotasun energetikoaren eta energiaren demokratizazioaren alde. Horren adibide dira komunitate energetikoak, eta gure babes osoa merezi dute», amaitu du Ritxar Astegietak.