AKTUALITATEA


| 2026-09-11 10:13:00

Talde soberanistaren ustez, PPren proposamena ez da nahikoa, batez ere etxebizitza turistikoen tratamenduari dagokionez

Bastida. 2026/09/11 | Bastidako EH Bildu udal taldeak iragarri du Udal Gobernuak aurkeztutako ordenantza fiskalaren proposamenari osoko zuzenketa ipiniko diola, PPk tasa turistikoa arautzeko aurkeztutako proposamena ez baita nahikoa.

EH Bilduk azaldu duenez, aurkeztutako ordenantza proiektuak kategoria guztietan tarifarik baxuena ezartzea proposatzen du. Hori bereziki larria da etxebizitza turistikoen kasuan, «oso bizitegi-krisi larria bizi dugun une honetan, praktikan Euskal Herri osoan, Araban eta gure herrian milaka herritarrei baldintza duinetan etxebizitza bat eskuratzea eragozten diena», azaldu du Leire Garbayo EH Bilduko bozeramaileak. «Alokairuak izugarri altuak diren egoera batean, norberaren etxebizitza eskuratzea oinarrizko eskubide bat izatetik luxu eskuraezin bat izatera igaro da, eta gure gizarteko sektore handi batzuek, gazteekin hasita, ez dute aukerarik bizitza autonomoko proiektu bat garatzeko. Egoera horretan onartezina da etxebizitzaren oinarrizko funtzio soziala indargabetzen duen merkataritza-erabilera bat fiskalki saritzea».

EH Bilduren proposamenak, bestalde, etxebizitza turistikoen tasa maximora eramaten du, eta taularen erdian kokatzen ditu gainerako tarifak, udal finantzaketa hobetzeko, kontuan hartuta «jarduera turistikoak oporraldi sasoietan udal zerbitzuak indartzera behartzen duela, baina baita turistak direla, eta ez Bastidako herritarrak, tasaren ordainketa esklusiboki beren gain hartuko dutenak».

Zentzu horretan, Leire Garbayo EH Bilduko bozeramaileak dei egin dio Lasabai udal taldeari EH Bilduren proposamena babesteko. «Lasabairi eskatzen diogu ez dadila PPrekin lerratu etxebizitza bezalako gai sentikor bati eragiten dion ordenantzan, eta, gainera, finantzaketa hobetzeko modu bat da, udal-zerbitzuetan gehiago inbertitu ahal izateko, turismo-jarduerarekin lotutakoak barne».