AKTUALITATEA


| 2023-01-27 11:10:00

EH Bilduk lau zuzenketa aurkeztu ditu, guztira 122.300 eurokoak, datorren astelehenean, urtarrilaren 30ean, eztabaidatuko den Arabako Lautadako Kuadrillako aurrekontuen zirriborroari. Diru partida handiena, guztira 50.000€,  Tokiko Komunitate Energetikoak sortzen laguntzeko aholkularitza zerbitzua martxan jartzeko bideratuko litzateke. Izan ere, Lautadako elkarte, herritar eta Toki Erakunde askok dute Komunitate Energetikoak sortzeko nahia eskualdean baina bide horretan aholkularitza baten beharra aldarrikatzen dute.

Horrez gain, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen arreta indartzeko 40.000 euroko partida bideratuko litzateke, zerbitzuak berak eta Arabako Foru Aldundiak berak egindako txostenek antzemandako beharrak asetzeko. Baina ez da proposamen bakarra giza baliabideen arloan. Halaber, EH Bilduk proposatu du, egungo lanpostuen lan-baldintzak aztertu eta baloratzea Lanpostuen Zerrenda berri baten bidez.

Azkenik, 20.000 euroko partida bat jasotzen da “Arabako Lautadako Alea” ekimena berreskuratzeko eta eskualde osoan hedatuko den euskarazko eta doako komunikabide bat izateko maiztasun zehatz batekin.