Araba

Albisteak

Samaniegok datorren 2020rako aurrekontuak onartu ditu


Gizarte zentroa handitzea izango da inbertsiorik handiena eta Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren bidez finantzatuko da obra

| 2019-12-20 17:01:00

Samaniegoko Udalak atzo osoko bilkuran onartu zuen datorren 2020rako aurrekontua, 400.000 eurotik gorakoa izango den aurrekontua. Diru partida handienetako bat (37.000 euro) landa-bideak mantentzeko eta egokitzeko erabiliko da. Bestalde, 300 biztanletik gorako herri honetako haur-eskola eta eskola mantentzeak ere hainbat partida izango ditu.

 

Baina hurrengo urtean inbertsiorik altuena zentro soziala handitzea izango da, obra eta zerbitzuen planaren bidez finantzatuko dena eta 400.000 euro ingurukoa izango dena. Horrez gain, Arabako Errioxako herri horretan berdintasunezko politikak lantzeko partida bat eta euskara ikasteko laguntzak sartu dira lehen aldiz.

 

Samaniegok, hala, onartutako kontuekin ekingo dio legegintzaldiko lehen urteari. Aurrekontuak urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean, eta EH Bilduko hiru ordezkarien zein zinegotzi independente baten aldeko botoarekin eta EAJko hiru zinegotzien kontrako botoarekin aurrera atera ziren.