AKTUALITATEA


| 2021-06-03 09:26:00

EH Bilduk mozio bat erregistratu du Arabako Batzar Nagusietan Aldundiari eskatuz COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz emakume anitzen testigantzak jasotzen dituen azterlan bat egin dezala. Horretarako, lurralde historikoko talde feministekin, emakume elkarteekin zein Udal eta Kuadrilletako Berdintasun Teknikariekin elkarlanean aritzea “ezinbestekotzat” jo du Ainhize Solaun batzarkideak.

Zentzu honetan, EH Bilduren ustez, sei hilabete beharko lirateke Batzar Nagusietan aurkezteko COVID-19aren krisiak emakumeongan eta haien haurrengan izan duen eraginari eta indarkeria matxistak hartu dituen forma berriei buruzko azterlan hori.  Gainera, azterlan horren ondorio nagusietan oinarritutako komunikazio kanpaina 2022an burutu dezala eskatu du. 

“COVID-19aren kalteek inoiz baino argiago utzi dute emakumeok sufritzen dugun prekarietatea egiturazko arazoa dela. Erasotzailearekin bizi behar izatea eta konfinamenduan etxetik atera ezin izatea, zaintza lanak bereganatzen dituzten emakumeen lanaren prekarizazioa areagotzea, osasungintzako langileek -gehienak emakumeak- sufritutako egoera ezberdinak... Hau guztia ekiditeko eta sortzen diren kasuei aurre egiteko programak martxan jartzeaz gain, egoera ikusaraztea beharrezkoa da, ikusten ez dena ez baita existitzen”, adierazi du Solaunek.

Nafarroako esperientzia, baliagarria

Nafarroan emakumeek konfinamendu garaian sufritu zituzten egoera ezberdinak aztertzeko ikerketa martxan jarri zuten: “El confinamiento en primera persona. Vivencias y testimonios”. 

Txosten honek aukera eman zuen emakume ezberdinen testigantzak jaso eta ezagutzeko eta orain, Araban, halako ikerketa eta programak abiatzea ezinbestekotzat jo du EH Bilduk.