Mozioa printzipio demokratiko batean oinarritzen da: herritarren gehiengoak demokratikoki adierazitakoa izan behar da Trebiñuko Enklabea Arabako Lurralde Historikoan integratzeko muga bakarra, eta hori errespetatzeko eskatzen diete Leongo eta Espainiako agintariei
Araba. 2025-11-07 | Joan den asteazkeneko osoko bilkuran ahaldun nagusiari Trebiñu Araban integratzeko elkarlana eskaini ondoren, EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozioa aurkeztu du gaur, enklabetik Araba izateko sortzen diren ekimen guztiak babesteko eskatuz. Mozioan Diputazioari eskatzen diote «aparteko egoera anakroniko horri behin betiko konponbidea eman nahi dioten ekimen oro laguntzeko», baita horien aurkako balizko eraso edo jazarpenen aurrean babesa emateko ere.
Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaileak Burgosko Diputazioaren jarrera itxia gogor kritikatu du, baita PPko bere presidentearen azken adierazpenak ere, berriz ere ateak itxi nahi baitizkio trebiñarren borondateari. Horregatik, mozioaren oinarrian, printzipio demokratiko bat ipini nahi izan du EH Bilduk: herritarren gehiengoak demokratikoki adierazitakoa izan behar da Trebiñuko Enklabea Arabako Lurralde Historikoan integratzeko muga bakarra, eta, ildo horretan, printzipio demokratiko hori onartzeko eskatzen diete hala Gaztela eta Leongo Gorteei eta Gobernuari, nola Gorte Nagusiei eta Espainiar Estatutako Gobernuari.
Historian zehar hainbat aldiz erakutsi dute Trebiñuko herritarrek arabarrak sentitzen direla. Horren adibide da joan den mende amaieran antolatu zen herri-kontsulta emaitza: herritarren % 68k bozkatu zuten Araban sartzeko galdeketa bat egitearen alde. Harrezkero, askotarikoak izan dira egindako saiakerak eta gauza jakina da azken hilabeteetan enklabean mahai-instituzional bat antolatu dela, aldarrikapen historiko horri bide emateko asmoz.
Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaileak asteazkeneko osoko bilkuran esan bezala, «trebiñarrena izan behar da hitza eta erabakia. Herritarren Eskakizunak gidatu ahal izan ditzan, Trebiñu Araban sartzea bultzatuko duen mahai instituzionala eta hark sortutako ekimenak babesteko garaia da».
«Tamalez, Burgoseko diputazioak Trebiñuko biztanleen gehiengo zabal baten nahiei uko egin eta gai hau soluzio bidean jartzeko edozein irtenbide demokratikori ateak ixten dizkie etengabe». Zentzu horretan bozeramaile independentistak ohartarazi du Burgosen «erresistentzia oso handiak daudela, Pradales lehendakariak ohartarazi zizkigun garai ilun horietan gidari izatera deituta dauden horiek prest agertu baitira ahalik eta oztopo gehien jartzeko». Horregatik, bertako instituzioak eta herritarrak «babesteko» bide horretan, «funtsezkoa da Arabako Foru Aldundiaren papera», esan zuen Eva Lopez de Arroyabek, ahaldun nagusia interpelatuz.
Trebiñuko herritarrei zerbitzuak emateko akordioei buruz EH Bilduk gogora ekarri duenez, «Arabako Foru Aldundiaren eta Burgosko Probintzia Aldundiaren arteko lankidetzarako esparru-akordioa eta horri dagokion inbertsio ekonomikoa salbuespenezko eta aldi baterako tresna gisa sortu zen Trebiñu Araban integratzeko prozesua egin bitartean». Horregatik, erakunde eskudun guztiei behin betiko irtenbide baten alde lan egiteko eskatzen diete, Trebiñuko egoera behingoz konpontzeko.