AKTUALITATEA


| 2025-11-05 11:43:00

Maderas de Llodio enpresako langileen egoeran Diputazioak izandako inplikazioa nahiko izan den eta etorkizunean zer neurri hartuko dituen ere galdetu du talde subiranistak gaurko kontroleko osoko bilkuran

Araba. 2025-11-05 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Diputatu Nagusia interpelatu du gaur Trebiñuko auziaz. Zehazki, Diputatuari galdetu dio ea zer egiteko asmoa duen Trebiñuko herritarren nahia betetzeko Burgoseko itxikeriaren aurrean.

Historian zehar hainbat aldiz erakutsi dute Trebiñuko herritarrek arabarrak sentitzen direla. Horren adibide da joan den mende amaieran antolatu zen herri-kontsulta emaitza: herritarren % 68k bozkatu zuten Araban sartzeko galdeketa bat egitearen alde. Harrezkero, askotarikoak izan dira egindako saiakerak eta gauza jakina da azken hilabeteetan enklabean mahai-instituzional bat antolatu dela, aldarrikapen historiko horri bide emateko asmoz.

«Trebiñarrena izan behar da hitza eta erabakia. Herritarren Eskakizunak gidatu ahal izan ditzan, Trebiñu Araban sartzea bultzatuko duen mahai instituzionala babesteko garaia da», aldarrikatu du Lopez de Arroyabek bere hitzartzean.

Lopez de Arroyabek gogora ekarri du joan den uztailaren 24an Burgosen egindako osoko bilkura, non argi geratu zen ez dagoela Trebiñuren egoera aldatzeko borondaterik. «Tamalez, Burgoseko diputazioak Trebiñuko biztanleen gehiengo zabal baten nahiei uko egin eta gai hau soluzio bidean jartzeko edozein irtenbide demokratikori ateak ixten dizkie etengabe. Zentzu horretan bozeramaile independentistak ohartarazi du Burgosen «erresistentzia oso handiak daudela, Lehendakariak ohartarazi zizkigun garai ilun horietan gidari izatera deituta dauden horiek ez baitizkiete gauzak erraz jarriko». Horregatik, bertako instituzioak eta herritarrak «babesteko» bide horretan, «funtsezkoa da Arabako Foru Aldundiaren papera», esan du Eva Lopez de Arroyabek, ahaldun nagusia interpelatuz.

Maderas de Llodio

Bestalde, Foru Aldundiaren inplikazio eskasa sumatzen du EH Bilduk Maderas de Llodio enpresaren lan gatazka konpontzeko. Nerea Martinez EH Bildu Arabaren batzarkideak galdera zuzenak egin dizkio osoko bilkuran ahaldun nagusiari: uste al du diputatu nagusiak Foru Aldundiak inplikazio nahikoa izan duela gatazka horretan? Zer harreman du ahaldun nagusiak langileen ordezkariekin? Zer neurri zehatz hartuko ditu bitartekaritza lana egin eta 39 langileren enpleguak babesteko? Diputatu Nagusiak erantzun ez, eta Saray Zarate diputatuak hartu du erantzuteko ardura

Aiaraldea gogor pairatzen ari da azken urte honetan enpresen itxierak edota deslokalizazioak. Valvospain, Glavista, Guardian eta Tubo Reunidos lantegien ondoren, Maderas de Llodio enpresa da azken adibidea: irail hasieran iragarri zuten 39 langileri eragingo dion lan erregulazio espedientea, 151 langile dituen enpresan.

Nerea Martinezek deitoratu egin du Saray Zarate diputatuaren langileekiko enpatia falta, eta galderak baliatu ditu mahai gainean jartzeko Diputazioaren, eta are Ahaldun Nagusiaren, inplikazio errealari buruzko zalantzak: «Egoera honen aurrean, erakundeek funtsezko zeregina izan beharko lukete, baina gaur egun, eta egoera larri honen aurrean, eskualdean ikus daiteke ez dutela benetako inplikaziorik izan. Eta, noski, salaketa hori ez zaio Arabako Foru Aldundiari bakarrik aplikatu behar, Eusko Jaurlaritzak ere ezin baitio bere ardurari muzin egin».