AKTUALITATEA


| 2025-11-07 15:12:00

Iruraiz-Gauna. Aurrekontua izapidetzeko egutegiak ezartzen duen bezala, udal gobernuak gaurko Kontu Batzordean aurkeztu du 2026. urterako aurrekontuaren lehen zirriborroa, guztira 784.285,37 eurokoa, 2025an baino % 7,5 handiagoa. Lehen zirriborro hori oposizioko taldeak aztertuko du, eta azaroaren 28ra arteko epea izango dute egoki iritzitako zuzenketak aurkezteko. Aurrekontuaren hasierako onarpena abenduaren 5eko osoko bilkurarako aurreikusita dago.

Lehengo fase batean, iraila eta urria bitartean, udalerriko 11 herrietako Batzar Administratiboekin eta herritarrekin abiatutako partehartze-prozesua abian jarri zen ideia ezberdinak jasotzeko. Hala nola,  udalerrian barrena antolatzen ditugun jardueretan parte hartzeko garraio zerbitzua indartzeko 3.500 euroko partida, nahi gabeko bakardadeari aurre egin ahal izateko 65 urtetik gorako herritarrei zuzendutako jarduerak antolatzeko 9.394 euroko partida, edota gaztetxoentzako aisialdirako udalekuen antolaketarako 6.660 euroko partida aurreikusi dira.

Horrez gain, aurrekontuak beste behar garrantzitsu batzuei ere aurre egiteko partidak jasotzen ditu; besteak beste, Gazeoko elizako margoez gozatzera datozen bisitarientzako aparkaleku bat egiteko 35.000 euroko partida, Aziluko plazan haurrentzako jolas-parke bat egiteko 23.300 euroko partida, Kuadrillak martxan jarriko duen hondakinak biltzeko zerbitzu berrirako 38.000 euroko partida edota Lanturri eraikineko teilatuan instalazio fotovoltaikoa eraikitzeko 14.883 euroko partida.