Herrien eta Aldundiaren arteko lankidetza-programa honek aukera ematen du toki entitateek egin behar dituzten lan txikiei erantzun azkarragoa emateko, Obra eta Zerbitzuen Foru Plana baino tramitazio errazagoarekin
Araba. 2026-02-13 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak lurraldeko toki entitateetan obra txikiak egiteko programa arautzen duen foru araua puntualki aldatzeko proposamena aurkeztu du gaur Arabako Batzar Nagusietan.
Eva Lopez de Arroyabe batzarkide taldeko bozeramaileak azaldu duenez, Obra Txikiak Egiteko Programa 2008an sortu zen, Arabako Foru Aldundiaren eta lurraldeko toki erakundeen arteko lankidetza sustatzeko, eta herriek behin eta berriz egindako eskariari erantzuteko.
«17 urte igaro ondoren, EH Bildun uste dugu Araua aldatzeko unea dela, programaren hasierako filosofia galdu gabe, diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa eta diruz lagundu daitezkeen obren tipologia eguneratzeko», esan du bozeramaileak. «Izan ere, une honetan, herrientzako obra txikien dirulaguntzarik gabe, ezinezkoa da dauden beharrei erantzutea, eta are gutxiago herrien bizi-kalitatea hobetzeko oinarrizko eta beharrezko obra askori ekitea».
Herrien eta Aldundiaren arteko lankidetza-programa honek aukera ematen du tokiko erakundeek egin behar dituzten lan txikiei azkarrago erantzuteko, aurrekontu mugatua dutenean, eta Obra eta Zerbitzuen Foru Planak diruz lagundutako obrak baino tramitazio errazagoarekin.
Javier Argote EH Bilduko batzarkideak azaldu duenez, EH Bilduk planteatzen duena, araua aldatzeaz harago, "araua eguneratzea eta, batez ere, hobetzea eta XXI. mendera egokitzea da, Arabako herri eta biztanleek gaur egun bizi duten errealitatera ekartzeko". Hala, aldaketa ekonomikoei dagokienez, diruz lagundu ahal izateko gehieneko kostua 40.000 euroraino handitzea proposatu dute. «Jakina da obren eta materialen prezioek gora egin dutela azken urteotan. Hala ere, ikusten dugu aldundia ez dela errealitate horretara egokitu. Gaur egun, sarritan gertatzen da herriek obra txiki batzuk egin behar izatea, baina gastuek diputazioaren gehienezko muga gainditze; beraz, planteatzen duguna da foru araua egungo errealitatera egokitzea», argudiatu du Argotek.
Laguntzen kuantifikazioari dagokionez, EH Bilduk dirulaguntzaren ehuneko mugaren oinarria handitzea proposatu du, eta planteatu du dirulaguntza gehienez % 90era iritsi ahal izango dela obraren kostua 15.000 eurokoa edo txikiagoa bada. «Hain zuzen ere, bilatzen dugu txikiagoak diren jarduketak hobeto finantzatuta egotea eta haien onarpena arinagoa izatea».
Gaur egun, toki entitate bakoitzak dirulaguntza bakarra eskatu ahal izatea planteatzen da Arauan; EH Bilduk puntu hori aldatzea proposatzen du, Arabako Foru Aldundiaren Izendegi ofizialean nukleo anitzeko toki entitateak direla kontsideratzen diren kasuetan bi eskaeretara zabalduz. «Hori aurrerapauso handia izango litzateke nukleo bat baino gehiago dituzten kontzejuek jasaten duten bidegabekeria konparatiboa gainditzeko; izan ere, orain arte herri askok urte batzuk itxaron behar dute deialdi bat egiteko aukera izan arte, kontzeju bakoitzeko bakarra eska baitezakete», esan du Argotek.
Azkenik, obren tipologiari dagokionez, EH Bilduk proposatu du orain arte programatik kanpo geratzen ziren obra edo jarduketa berriak gehitzea, orain arte jasota zeuden hobekuntza- edo konponketa-lanei.
«Toki-erakundeei buruz hitz egiten dugunean, askotan oinarrizko zerbitzuen faltaz hitz egiten dugu, eta horietan, jakina, arreta jarri behar da. Baina ezin dugu ahaztu azpiegituren garbitasunak, segurtasunak eta oinarrizko mantentzeak eragin zuzena duela despopulazioan eta bizi-kalitatean. Gehiegitan, herriek ez dute behar besteko finantzaketarik gabezia horiei erantzuteko, eta, horregatik, deialdiaren programa aldatzeko proposamen hau ezinbestekoa da bizirik irauteko», ondorioztatu du Eva Lopez de Arroyabek.