AKTUALITATEA


| 2026-02-26 11:55:00

Desgaitasuna duten Aiaraldeko herritarrek Laudion dute laguntzadun etxebizitza bakarra eta, okupazio altua izateaz gain, ezin dute erabili Urduñako herritarrek, besteak beste

Araba. 2026-02-26 | Arabako Batzar Nagusiek mozio bat onartu dute gaur, Gizarte Politiketako batzordean, Arabako eta Bizkaiko diputazioen arteko hitzarmena eskatzeko, desgaitasuna duten eta Aiaraldearekin mugakide diren herrietan bizi diren bizkaitarrek Aiaraldeko baliabideak erabili ahal izateko.

Zehazki, mozioak erreferentzia egiten dio Urduñako kasuari: Aiaraldea eskualde naturalak Arabako zein Bizkaiko herriak barnebiltzen ditu, eta Laudion dute erreferentziazko baliabidea desgaitasuna artatzeko, baina urduñarrek ezin dute bertara joan Arabako Foru Aldundiaren menpeko zerbitzua delako. Beraz, Aiaraldearen berezitasuna dela eta, Bizkaiko udalerrietan bizi diren pertsonak daude, horrelako baliabideak behar dituztenak eta beren etxeetatik urrun artatzen dituztenak, eskualdean kokatutako Arabako baliabideak eskuratu ezin dituztelako.

Aurreikuspenen arabera, 2026an zehar irekiko dira Aiaraldean bizi diren desgaitasun intelektuala duten pertsonak artatuko dituen eguneko zentroa eta laguntzadun bi etxebizitza. «Gure ustez, zerbitzu horiek Laudion martxan jarrita, hurbileko baliabideak eskaintzeko aukera izango dugu, kolektibo horrek joan-etorriak egin beharrik izan ez dezan», adierazi dute EH Bildutik.

EH Bildu eta Elkarrekin Araba taldeek adostutako mozioan Arabako eta Bizkaiko foru aldundiei eskatzen zaie sei hilabeteko epean hitzarmen bat adostu dezatela, Aiaraldearen mugakide diren Bizkaiko udalerrietan bizi diren eta adimen-desgaitasuna duten pertsonei Laudioko lagundutako etxebizitzetara edo eguneko zentrora sarbidea errazteko.

Gaur Arabako Batzar Nagusietan onartu duten mozioaren ildo bereko mozio bana onartu zen Urduñako eta Laudioko udaletan.