EH Bildu Araba batzarkide taldeak ere gaiari buruzko galderak egingo dizkio Diputatu Nagusiari Arabako Batzar Nagusien Kontrolerako Osoko Bilkuran
Bastida. 2026-02-24 | Bastidako udalbatzak Arabako Foru Aldundiari eskatu dio guardaren etxea udalaren esku uzteko etxebizitza alokairura bideratzeko. Horixe jasotzen zuen atzo udalbatzan onartutako mozioak, EH Bilduk aurkeztutakoak. Etxebizitza Bastidako Matadero kalean dago, 85 metro karratu ditu eta horri gehitu behar zaio garajea. Arabako Foru Aldundiak enkantean jarri du 59.000 euroko irteera prezioan.
Bastidako udalbatzan onartutako mozioak proposatzen du Aldundiak udalari lagatzea etxebizitza, saldu beharrean. «Pentsaezina iruditzen zaigu, bizitegi-krisi betean, etxebizitza eskuratzea herritar askorentzat, bereziki gazteentzat, Araban eta Bastidan dugun arazo sozialik handiena denean, Aldundiak espekulatzaile huts gisa jokatu izana», salatu du Leire Garbayok, EH Bilduk Bastidan duen bozeramaileak. Garbayok deitoratu egin zuen Aldundiak, «etxebizitza horri erabilera soziala ematea planteatu beharrean, zuzenean edo Bastidako Udalari lagata, salgai jartzea, edozein putre funtsek edo edukitzaile handik eskuratu dezan prezio barregarri horretan».
Egoera horren aurrean, EH Bildu Bastidak mozioa aurkeztu zuen udalbatzan eztabaidatzeko. Mozioaren lehen puntuaren alde bozkatu zuten atzoko osoko bilkuran zinegotzi guztiek eta, beraz, Arabako Foru Aldundiari eskatu diote enkantea bertan behera utzi eta etxebizitza Bastidako udalari lagatzea.
Kontrolerako Osoko Bilkura
Ildo beretik, EH Bildu Araba batzarkide taldeak ere gaiari buruzko galderak egingo dizkio Arabako Foru Aldundiari. Izan ere, EH Bilduk ez du ulertzen nola, etxebizitza larrialdi betean, etxebizitzak enkantean jartzen diren, etxebizitza parke publikoa handitzeko baliatu ordez.
Joan den astean bertan Eva Lopez de Arroyabe bozeramaileak etxebizitzaren gaiari buruzko interpelazioa iragarri zuen, eta Aldundiaren erabaki honek sakondu besterik ez du egiten bozeramaileak esandakoan, Lopez de Arroyabek Foru Gobernuari egotzi baitzion «titular hutsen arabera» funtzionatzea. «Alde batera utzi behar da merkatuak arazoa magiaren bidez konponduko duelako ideia, eta esku-hartze publikoa behar da. Gobernuari politika publiko sendoak eta lidergoa eskatzen dizkiogu», esan zuen Eva Lopez de Arroyabek.