AKTUALITATEA


| 2026-02-17 12:42:00

Etxebizitza Arabako Foru Aldundiaren jabetza da, 85 metro karratu eta garajea ditu, eta 59.000 euroan jarri dute salgai

Bastida. 2026-02-17 | Bastidako EH Bildu udal taldeak mozio bat aurkeztu du gaur, guardiaren  etxebizitza Udalari lagatzea eskatzeko, alokairuko etxebizitza sozial gisa erabiltzeko. Etxebizitza Bastidako Matadero kalean dago, 85 metro karratu ditu eta horri gehitu behar zaio garajea. Enkantean jarri dute 59.000 euroko irteera prezioan.

Enkantea Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO) iragarri da, eta, horren aurrean, Bastidako EH Bilduk Aldundiak udalari lagatzea proposatu du. «Pentsaezina iruditzen zaigu, bizitegi-krisi betean, etxebizitza eskuratzea herritar askorentzat, bereziki gazteentzat, Araban eta Bastidan dugun arazo sozialik handiena denean, Aldundiak espekulatzaile huts gisa jokatu izana», salatu du Leire Garbayok, EH Bilduk Bastidan duen bozeramaileak.

Leire Garbayok deitoratu egin du Aldundiak, «etxebizitza horri erabilera soziala ematea planteatu beharrean, zuzenean edo Bastidako Udalari lagata, salgai jartzea, edozein putre funtsek edo edukitzaile handik eskuratu dezan prezio barregarri horretan».

Egoera horren aurrean, EH Bildu Bastidak proposatu du Bastidako Udalak premiaz eska diezaiola Aldundiari etxebizitza hori lagatzea, etxebizitza sozialeko programa batean erabiltzeko, lehentasunez alokairu modalitatean.