AKTUALITATEA


| 2026-02-27 11:40:00

Enpresa horiek udal jabari publikoa erabiltzeagatiko tasak ordaintzetik salbuetsita daude, eta hori guztiz «anakronikoa» da, EH Bilduren iritziz

Araba. 2026-02-27 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak toki ogasunak arautzen dituen foru araua puntualki aldatzeko proposamena aurkeztu du Arabako Batzar Nagusietan. Zehazki, EH Bilduk proposatu du udal jabari publikoa erabiltzeagatiko tasan telefonia mugikorraren salbuespena kentzea, salbuespen hori «anakronikotzat» jotzen baitu. EH Bilduren ustez, aldaketa horri esker, toki entitateek diru-sarrera bat izan ahal izango dute azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko, komunitatearen onerako.

Eva Lopez de Arroyabe batzarkide-taldeko bozeramaileak ekimena azaldu du argudiatuz «egungo ikuspegitik ulertezina» dela Toki Ogasunak Arautzen dituen Foru Arauak telefonia mugikorreko zerbitzuen salbuespena jasotzea. Lopez de Arroyabek nabarmendu duenez, «litekeena da logikoa izatea telefonia mugikorra hedatzen hasi zen garaian, zerga-arlotik ere hedapen hori bultzatzeko, baina gaur egun, telefonia mugikorreko zerbitzuen hedapena erabatekoa denean, EH Bilduk uste du ez duela inolako zentzurik».

EH Bilduren ustez, salbuespen horrek «nolabaiteko pribilegioa ematen die telefonia mugikorreko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresei telefonia finkokoen aldean, kontuan hartuta telefonia mugikorreko enpresa gehienak multinazionalak direla eta telefonia finkoko zerbitzuak ere eskaintzen dituztela, eta telefonia finkoagatik bai ordaintzen direla tasak».

Hori dela eta, EH Bilduk proposatu du telefonia mugikorreko zerbitzuak tasaren kuantifikazio erregimen berezi honetan ez sartzea, argudiatuz Bizkaian, adibidez, salbuespen hori jada ez dagoela indarrean.

«Kontzejuen autonomia bermatzea da EH Bilduren lanaren ardatzetako bat, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak baitira. Horregatik, datozen asteetan toki entitateen finantzazioa hobetzera bideratutako ekimen gehiago aurkeztuko ditugu», amaitu du Eva López de Arroyabek.