AKTUALITATEA


| 2025-04-08 08:44:00

Egun Natur Zientzien museoan ikusgai ez dauden funtsekin hornituko litzateke, eta herriz herri joango litzateke «kultura eta ezagutza Arabako herri guztietara helarazteko»

Araba. 2025-04-08 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak ezagutza zientifikoa Arabako herri guztietara helarazteko proposamena egin du gaur prentsa-agerraldian: Natur Zientzien Arabako Museo Ibiltaria sortzea. Hala eskatuko du taldeak osoko bilkuran eztabaidatuko den mozio batean.

Ekimenaren aurkezpenean parte hartu dute Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaileak eta Ruth Ibisate batzarkideak. Lopez de Arroyabek azaldu duenez, «Arabako landa-eremuaz eta despopulazioaz hitz egiten dugunean, sarritan hitz egiten dugu garraio publiko faltaz, hezkuntza zerbitzuen faltaz edota gazteentzako etxebizitza faltaz», baina gaurko ekimenaren helburua harago doa: «Kultura eta ezagutza Arabako herri guztietara helarazteko tresnak ematea».

Ruth Ibisatek eman ditu mozioaren xehetasunak, Arabako Natur Zientzien Musoearen funtsen ikusgaitasunean arreta ipinita. «Arabako Natur Zientzien Museoak urteak daramatza zientzia dibulgatzen. Datuek erakusten dute museo aktiboa dela, interesa sortzen duela eta kalitate zientifiko handiko materiala duela. Hala ere, museoaren katalogoa osatzen duten 650.000 piezetatik, bakarrik % 0,1 dago gaur egun ikusgai. Natur Zientzietako Museoa Kordoi Etxera eramateak museoa handitzea ahalbidetuko duen arren, materialaren zati handi batek kutxetan gordeta jarraituko du».

Hori ikusirik, EH Bilduk uste du interesgarria dela museoaren katalogoa ezagutaraztea, eta horretarako «Arabako hainbat lekutara erakusketa zientifiko erakargarri eta interesgarriak eramateko duen dibulgazio zientifikoko bilduma ibiltaria sortzea ahalik eta jende gehienarengana heltzeko eta, bide batez, Arabako landa-ingurunea sustatzeko eta dinamizatzeko aukera emateko», esan du Ibisatek.

EH Bilduk proposatu duen natur zientzien museo ibiltariak informazio-panelak, piezak erakusteko euskarriak eta dibulgazio-lan hori egingo duen ikus-entzunezko sistema bat izango lituzke, herritar guztiei zientzia modu erakargarrian helarazteko.

Eva Lopez de Arroyabek elkarlanaren garrantzia nabarmendu du, ekimenaren garapenerako: «Gure nahia da Arabako Foru Aldundiak, Arabako Natur Zientzien Museoaren zuzendaritzarekin eta Arabako Natur Zientzien Museoaren Lagunen Elkartearekin koordinatuta, gaur egun jendaurrean ikusgai ez dauden eta museo ibiltari baten parte izan daitezkeen piezen aukeraketa bat egin dezala». Kontzeju, kuadrilla, udalerri eta ikastetxeekiko elkarlana ere aipatu ditu Lopez de Arroyabek.