AKTUALITATEA


| 2025-05-14 10:04:00

Onartutako mozioak nabarmentzen du Arabaren eta Burgosen arteko hitzarmen markoa aldi baterakoa eta salbuespenezkoa izan behar dela eta integrazioaren aldeko pausoak eman behar direla

Araba. 2025-05-14 | Arabako Batzar Nagusiek Trebiñu eta Argantzon herriei babesa eman diete gaur onartutako mozioan, udal horiek Trebiñu Araban sartzearen alde egin dezaketen edozein ekimeni dagokionez.

Mozioak egoera «salbuespenezkoa eta anakronikoa» dela dio, eta horregatik, Arabako Foru Aldundiari eta eskumena duten erakundeei eskatzen diete Trebiñu eta Argantzon herriek har ditzaketen neurriak sostengatzea.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaileak esan duenez, «Trebiñuk maparen barruan egon behar du, osasun-maparen barruan, eskola-maparen barruan, unibertsitate-maparen barruan, nekazaritza-maparen barruan ere bai, eta nola ez, gizarte-maparen barruan, bestela oinarrizko eskubideak ukatuko ditugulako, eta baita pertenentzia eskubidea ere».

Mozioak, halaber, trebiñarrek EHUko bekak eskuratzeko aukera izatea aldarrikatzen du Trebiñu Araban sartzeko prozesua amaitu bitartean. Onartutako mozioaren kopia igorriko zaie Diputatuen Kongresuari, Eusko Jaurlaritzari, Gaztela eta Leongo Juntari eta Burgosko Diputazioari, gaian eskumena duten erakundeak diren heinean.  

Lopez de Arroyabek argi utzi du EH Bilduren apustua: «Gaia alderdien arteko borrokatik atera eta Trebiñu Araban integratzearen alde egiten dugun guztion arteko lankidetza bultzatzeko balio behar du gaurkoak, bai hemen, bai eskualdean. Aldarrikapen historiko bati berriro heltzeko eta behin betiko irtenbidea emateko lehen urratsa izan behar du». Halaber, nabarmendu du akordioa ganberako gehiengo zabalak sinatu duela: EH Bilduk, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Arabak.

Aurten 11 urte beteko dira Arabako Batzar Nagusiek Trebiñu Araban sartzearen aldeko azken mozioa onartu zutenetik, eta 27 urte, aldiz, trebiñarren gehiengo zabal batek Araban sartzea aldarrikatu zuenetik herri-galdeketan.

«Espero dugu mozio hau mugarria izatea, garai berri baten hasiera izatea, eta modu koordinatuan, politikaren bitartez eta modu zintzoan, Trebiñuko pertsonak merezi duten lekuan jartzea. Aukera historiko baten aurren gaude, beraz, balia dezagun “Trebiñu Araba da” leloa behingoz egia bihurtzeko. EH Bilduk norabide horretan lan egiteko konpromiso hori berretsi egiten du», amaitu du Lopez de Arroyabek.